Cambio climático durante la Prehistoria izenburuko hitzaldia eman zuen Mari Jose Iriarte-Chiapussok. EHUren Ikerbasque fundazioko irakaslea da bera, zehazki Gizapre Historiaurreko Ikerketa Taldekoa eta bi ikerketa-lerro nagusitan ari da lanean egun. Batetik, Paleolitoko eta Mesolitiko ehiztari-biltzaileen taldeak aztertzen ditu Euskal Herrian eta Gipuzkoan eta Bizkaian egindako hainbat aurkikuntzatan parte hartu izan du. Bestetik, historiaurreko bilakaera klimatikoan aditua da, eta aztarnategi arkeologikoetan topatutako polen fosilizatuen azterketetan oinarrituta lortzen duten informazioaren berri eman zuen. Polen fosilaren bitartez garaian garaiko landa-paisaia ezagutzeko aukera dago gaur egun eta horiek baldintza paleoklimatikoak ezagutarazi ditzakete.
Eta hain justu ere, horixe egin zuen barikuan, klimaren bilakaeraren gaineko puzzle bat osatu eta giza bilakaeraren erradiografia bat egin, antzinako gizakiak erabiltzen zituen lan gai eta lanabesak azalduz. Iraganeko landare multzoak, espezie ezberdinen agertze zein desagertze datak... eta beste azaldu zituen, eta nabarmendu zuen klima etengabe aldatzen ari den arren, badela orain fenomeno bat oso kontuan hartzekoa: gizakiaren esku-hartzea ingurumenean. "Beti izan dira kliman gorabehera handiak. Klima aldatzen doa orain ere, eta esan dezakegu gaur egun glaziazio arteko fase batean gaudela eta teorian, erregistro historikoei kaso egingo bagenie, glaziazio bateruntz joan beharko ginakeela. Baina badago beste fenomeno bat: gizakiaren esku-hartzea. Ahalegin handiak egiten ari gara inguruneari buruzko kontzientziazioan, baina uste dut denok ere modu eraginkorragoan jokatu beharko genukeela gure egunerokoan. Gizakia oso menpeko espeziea da, guk bestela uste arren. Nahikoa lan daukagu daukaguna iraunarazten, baina garbi izan behar dugu horretan denok egin behar dugula ahalegin handiagoa eta horretarako ezinbestekoa izango dela gauza batzuei uko egitea.
Zikloko hurrengo bi hitzaldiak irailean izango dira. Irailaren 15ean (barikua), Emakumea historiaurrean izenburuko hitzaldia emango du Naroa Garcia-Ibaibarriaga EHUko irakasleak, eta irailaren 22an (barikua), Deba haraneko historiaurrea makrougaztunen ikuspegitik hitzaldia emango du Aritza Villaluenga EHUko irakasleak.