Amaitu dituzte Kalamua eta Urazandi kaleak lotzeko joan den otsailean hasi zituzten lanak. Orain arte Kalamua kaleak ez zuen loturarik Urazandi kalearekin, ipar-mendebaldeko muturrean, irteerarik gabeko kalea baitzen. Hain justu, bidearen amaieran, Galiza plazan sortu dute bi kaleok lotzeko lotunea. Auzoko trafikoa arintzeko egin dutela lotune berria azaldu dute Udaletik. Izan ere, Kalamua kalea Urazandi kalearekin lotzeak inguruko trafikoan antolaketa-aukera berriak ematen ditu. Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak azpimarratu du bide berriak aukera gehiago emango dituela auzoko kaleetako trafikoa antolatzeko eta oinezkoentzako mugikortasuna hobetzeko. "Aktuazio honekin, inguruko urbanizazioa berritu dugu, atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin”.
Bidea zabaldu eta eraberritzea burututa, noranzko bakarreko kalea da orain. Bi aldeetan bi metroko zabalerako espaloiak ditu, % 6ko gehieneko maldarekin, inguruneko irisgarritasun-baldintzak betetzeko eta errazteko.
Euri-uren sarea ere handitu dute, jariatze-urak biltzeko beharrezkoa dena, bai eta bide berria argiztatzeko behar den argiteria-sarea ere.
Bide berriak, bi kaleen arteko lotura bermatzeaz eta trafikoa antolatzeko alternatibak ahalbidetzeaz gainera, aurrerantzean auzoko espaloi guztiak pixkanaka berritzeko aukera ematen duela zehaztu dute Udaletik, espaloi horiek zabalduz eta zoladura berrituz, aparkalekuak eta zirkulazioa arriskuan jarri gabe. "Izan ere, hori izan da bidea egiteko arrazoi nagusietako bat, bestela ez baitago beste aukerarik ibilgailuak gurutzatzea bermatzeko, espaloiak handitzeko eta aparkaleku publikoa mantentzeko".
Obren aurrekontua 213.196,89 euro + BEZa izan da, eta Egurki Eraikuntzak enpresak egin ditu lanak.
∞Lotura duten albisteak:
- Bihar hasiko dituzte Kalamua eta Urazandi kaleak lotuko dituen bidea egiteko lanak (2023-02-21)
- Urazandiko obrei buruzko bilera egingo dute gaur (2022-11-22)
- Urazandi eta Kalamua kaleak lotzeko lanak 2023ko lehen seihilekoan hastea aurreikusi du Udalak (2022-11-07)
- Urazandi eta Kalamua kaleak lotzeko bidearen proiektua idazteari ekin dio Udalak (2022-03-10)
Lotunea egin aurretik inguruak zuen itxura, beheko irudian: