Ikus-entzuneko baterako 60-70 hamarkadetako musika oroitzapenetako argazkiak bildu nahi dituzte

Barren.eus 2023ko eka. 22a, 10:13

Debabarrenean 60ko eta 70eko hamarkadetan egin ziren dantzaldien, izan ziren musika taldeen eta abarren inguruko argazkiak bildu nahi dituzte ikus-entzunezko baterako.

60-70eko hamarkadako Leok’k musika taldeak bere azken lana aurkeztuko du irailaren 17an Aita Agirre kulturgunean, 12:30ean, eta ordurako 60ko eta 70eko hamarkadetan Debabarrenean egin ziren dantzaldien, guatekeen, izan ziren musika taldeen eta abarren inguruko argazkiak bildu nahi dituzte ikus-entzunezko bat ondu ahal izateko. Urola eskualdeko irudiekin sortu duten 'Euskal Rokaren Sorrera' izeneko dokumentalaren antzerakoa osatu nahi dute orain Debabarrenerako. Dokumentalean, urola eskualdeko rockaren lehen urteetan protagonista izan ziren eta gaur egun ahaztuta dauden taldeei aitortza egin diete.

Garai hartako irudirik izanez gero, leokkmusic@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu dute edota bestela Elgoibarko Kultura Sailaren bulegoan entregatzeko (Aita Agirre, 1), eskanea ditzaten.

Leok´k, euskarazko rockaren lehen garaietatik (1968) bizirik dirauen taldea da, Zestoan sortu eta urteetan zehar indartu eta ondua, gaur egun oraindik musika berria sortu eta jendaurrerako prestatua. 2021ean 50 urte bete zituen taldeak, eta iaz 'Bizirik hala' izeneko diskoa kaleratu zuten. Sei lagunek osatzen dute taldea: Juan Antonio Kortadi (gitarra, koruak), Gotzon Lizaso (sintetizadoreak, pianoa, koruak), Luis Llavori (gitarra bakarlaria, gitarra akustikoa, ahotsa), David Gorospe (bateria, perkusioa), Jesus Aranberri (Hammond organoa, piano elektrikoa) eta alfonso Guillo (baxua, koruak, ahotsa)

'Berria'ren euskal musikaren atarian, badok.eus-en entzun dezakezue Leok´k taldearen musika.