2018ko ekainean hartu zuten kargua, eta orain, estatutuetan jasotakoa jarraituz, ezohiko batzarrera deitu dituzte bazkideak, zuzendaritza berria osatzeko. Hilaren 28an izango da batzarra, jubilatuen biltokian, 16:30ean.
Jubilazio aktibo osasungarria eta parte-hartzailea sustatzea izan ditu helburu azkeneko zuzendaritzak, eta horretarako, prebentzio, kultura, aisialdia eta gizarte harremanak sustatzeko jarduerak programatu ditu gaur bazkide direnentzat nahiz ez direnentzat. Eta hori dena gaur erregistratuta dauden 1.200 bazkideek ordaintzen dituzten kuotekin eta Udalak urtero ematen dien dirulaguntzarekin fi nantzatu dute nagusiki. Antolatu dituztenen artean daude ikastaroak, hitzaldiak, tailerrak, solasaldiak, irteerak, nazioarteko bidaiak, mendi-ibilaldiak, lehiaketak, dantzaldiak, bingoa, bestelako jokoak, txokolatadak, sanbartolomeetako bazkaria, 80 urtez gorakoak eta urrezko ezteiak bete dituztenak omentzeko ekitaldia, Gabonetako loteriaren eta otarren zozketa, eskola-umeekin belaunaldiartekotasuna lantzeko topaketak.
Zuzendaritzakide izatea borondatezkoa da eta direnek ez dute ordainsaririk jasotzen. Lan boluntarioa da haiena, ezinbestekoa elkarteari eusteko. Horregatik, egungo zuzendaritzatik bazkideei eskatu diete aldi baterako konpromisoa hartzeko prest egonez gero edo ahal izanez gero, aurkezteko beren hautagaitza. "Gaur zugatik, bihar nigatik. Edozeinek egin dezake lan hau, nahikoa delako ahal dena egitea", esan diete. Eta gehitu dute: "Dena taldean egiten da; denok lagunak eta berdinak gara". Eta bigarren dei bat ere egin diete bazkideei: batzarrera joateko, ia derrigorrezkoa delako elkartearen jarraipena ziurtatzeko. "Interesik ez badago, boluntarioen elkarteak desagertu egingo dira, eta elkarte-sare sozialei eusten ez dien herri batean bizi-kalitatea gutxitzen da, eta bizitzan zoriontsu izateko itxaropena ere murrizten da. Gure kasuan, gainera, biztaleriaren zatirik ahulenean gaude", ohartarazi dute.