1983ko maiatzean zabaldu zuten Txirristaka taberna Angel Loiartek eta Juan Jose Loiolak. Maiatzeko azkeneko domeka zen, Trinitate jaietako egun handia Mendaron. Mendaroko Barberokoa errotan jaiotako Eusebio Mugertza Txirristaka (1874-1955) bertsolariaren omenez, haren ezizena hartu zuten taberna izendatzeko. Inaugurazio eguna berezia izan zela oroitzen du Loiolak, bai eta egun hartan tabernara batu ziren bezeroetako batzuek ere. Zabaldu eta zazpi bat urtera utzi zuen gero taberna Angel Loiartek eta Joseba Zulaika batu zitzaion lantaldera Juan Jose Loiolari. Geroztik bera izan da jabea, baina dozenaka laguntzaile izan ditu, eta herri oso bat bezero.
Hain justu ere haiekin guztiekin ospatu nahi izan zuen 40. urteurrena joan zen barikuan. Bizi Poza txarangakoak jarri zuten musika eta jaietako egun baten traza hartu zuen bariku iluntzeak Mendarozabalen.
Gaur, hunkituta hitz egin du Juan Jose Loiolak. BARRENen azkeneko alean ere eman zizkien eskerrak etxekoei eta urte guzti hauetan bezero izan dituzten guztiei, 40 urtean emandako babesagatik, eta akorduan izan zituen baita ere urte hauetan galdu dituzten lagunak, Txirristakan etxeko izan dituzten bezeroak. Eta, gaur, beste horrenbeste egin du: "Zurekin ari naizela ere hunkitu egiten naiz. Oso egun polita izan zen. Lagun asko etorri ziren, jai-giro ederra sortu zen eta makina bat kontu gogoratu genituen. Biserak atera nituen urteurrenerako, baina motz gelditu nintzen, denak bukatu zirelako. Orain, gehiago eskatzeko asmoa daukat. Txarangakoak ere izugarri ondo portatu ziren eta eskertu nahi diet. Sekulako giroa sortu zuten, eta ahaztezina egin zuten eguna. Mila esker haiei beraz". Barikuan, gainera, bi kide berri aritu ziren Bizi Poza txarangarekin, estreinakoz: Egoi Motriko tronpetarekin eta Ander Ariznabarreta saxofoi altuarekin.