Jakinarazi dutenez, dirulaguntza honen helburu nagusia da udalerrian zuhaitz autoktonoak landatzea, mendien baso-berritzea bultzatzeko. "Gaur egun, zuhaitz-masa autoktonoak urriak dira gure mendietan, eta, beraz, ekimen honen helburua egoera hori konpontzea da", adierazi dute.
Udalerrian dauden lurretan zuhaitz autoktonoak landatzea sustatu nahi du Udalak diru-laguntzen bidez. Laguntza jaso ahal izateko zenbait baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek landaketok egiterakoan, honako baldintza hauek:
1. Hautagarria izateko gutxieneko lur-azalera hektarea erdikoa da (5.000 m2).
2. Landatutako espezieek autoktonoak izan behar dute.
3. Hektarea bakoitzeko gutxienez 500 ale behar dira. Justifikatutako kasuetan, laguntzak eman ahal izango dira ale gutxiago landatzeko.
4. Nahitaezkoa da landatutako aleetan babesleak jartzea.
5. Landaketa azaroan, abenduan, urtarrilean, otsailean eta martxoan egin behar da.
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dituzte bai landareak erostea, bai zuhaitz landareentzako babesleak eta zutoinak erostea ere. Laguntzak oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei emango dizkiete. Eskaerak elektronikoki aurkeztu beharko dira herritarren atarian, Udalaren webgunean: www.elgoibar.eus.
Neurri horiek ezarrita, Elgoibarko Udalak tokiko ingurumenaren kontserbazioa eta zuhaitz-masa autoktonoen sorrera sustatu nahi ditu, komunitatearen ongizatean eta gure ingurune naturalaren babesean lagunduz.
Informazio gehiago nahi izanez gero, eta oinarriak eta deialdia bere osotasunean ikusi nahi izanez gero, Udalaren webgunea bisitatu edo udal bulegoetara jo (Santa Ana, 2, 943 741 050).