Bideoan jaso dute “Gu ere bertsotan” egitasmoko ikasturte bukaerako jaialdia

Barren.eus 2023ko eka. 29a, 14:28

LH4ko eta LH5eko 250 ikasle inguruk parte hartzen dute ikasturtero Elgoibarko Udalak finantzatutako eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak gidatutako “Gu ere bertsotan” egitasmoan.

Ikasleek astean ordubete eskaini diote ahozkotasuna lantzeari, eta bertsoa izan dute horretarako bitarteko tresna. Eneko Beretxinaga soraluzetarrak zuzendu ditu saioak, eta lau arlo landu dituzte nagusiki: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak nahiz sozialak. Ikasturte honetakoa 18. edizioa izan da.

Ikasturte bukaerako jaialdia antolatzen dute ikastetxeetan eta horien zabalkunderako bideoa ere prestatzen dute. Elgoibarko Udalak LH5ekoen jaialdia grabatzeko baliabideak jarri ditu eskolen eskura, eta bideoan jaso dute, 11 ikusteko enpresaren bidez.
Bideo laburpena eta LH5ekoen jaialdi osoarena eskolen web atarietan ere jarriko dute ikusgai. Honen helburua izan da, alde batetik, egitasmoan parte hartu duten ikasleen gurasoek eta, oro har, herritarrek egitasmo honen berri izatea, eta bestetik, ikasleek egindako ahaleginaren emaitza erakustea. Hona jaialdietako bideo-laburpena