Lehenik, Champions mailako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatu zuten La Rula eta Wonga taldeek, eta 1-4 irabazi zuen Wongak. Ondoren, Conference mailako finala jokatu zuten Garito eta Layeka taldeek. Multzotako lehian sailkatzerik lortu ez zuten taldeek jokatu dute Conference txapelketa. Emozioz beteriko finala jokatu zuten bi taldeek eta hirunako bderdinketarekin amaitu zen arauzko denbora. Penaltietan askoz hobeto moldatu ziren Garito taldeko jaurtitzaileak eta atezaina, eta txapelketa poltsikoratu zuten. Penalti jaurtiketa bereziak egin zituzten, jaurtitzaileak baloiarekin atezainarengana gerturatzeko aukera baitzuen, eta bere esku zegoen jaurtiketa egin ala driblin labur bat egin atezainari.
Champions mailako finala etorri zen gero. Roketxe eta Kartutxo taldeek berdinetik berdinera jokatu zuten. Lehen zatian baloiaren jabetza gehiago eduki zuen Roketxek, baina eraginkorragoak izan ziren Kartutxoko jokalariak, eta erasoan eduki zituzten bi aukeretan golak sartu zituzten, 2 eta 0 aurrea hartuz. Kartutxokoek, baina, partida berdintzea lortu zuten, bigarren gola lehen zatia amaitzeko segundo gutxiren faltan sartuta. Bigarren zatian Kartutxokoek baloi jabetza handiagoa izan zuten arren, estu jarraitu zuen lehiak. Kartutxok hirugarren gola sartu zuenean ere, partida berdintzeko aukera bat baino gehiago eduki zuen Kartutxok. Azken segundoetan Kartutxokoek sartu zuten laugarren golarekin amaitu zen finala.
Hemeretzi talde aritu dira lehian maiatzaren 29an hasi zuten Elgoibarko Futbol 7 txapelketan. Txapelketako lehen bi asteetan lau multzotan banatuta aritu ziren lehian taldeak, eta multzo bakoitzeko lehen biak sailkatu ziren Champions deitu dioten txapelketarako. Aldiz, multzoko 3. eta 4. sailkatuek Conference izeneko txapelketan jarraitu zuten lehia.
- ARGAZKI-BILDUMA: Futbol 7 txapelketako finalak eta sari banaketa ekitaldia