Irailaren 15era arte luzatu dute Bizilaben izena emateko epea

Barren.eus 2023ko uzt. 3a, 12:33

Bizilabe ekimenaren 2023-2024 ikasturterako izena emateko epea irailaren 15era arte luzatuko dutela jakitera eman dute sustatzaileek.

Elgoibarko Udalak Robotika eta Bizilabe ikastaroetan izena emateko epea ireki zuen maiatza bukaeran. Robotika ikastaroan parte hartzeko plaza guztiak beteta dauden arren, Bizilaben parte hartzeko gelditzen dira oraindik plaza batzuek. Hori dela eta, Udalak irailaren 15era arte luzatu du azken honetan izena emateko epea.

Bizilabe ekimenaren bosgarren ekitaldia izango dela gogora ekarri dute. Udalerriko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko, ekintzailetzarekiko eta sormenarekiko interesa eta motibazioa bultzatzeko sortu zuten ekimena. 2023ko urritik 2024ko maiatzera, 10-16 urteko gazteek tailerretan parte hartu eta proiektuak egingo dituzte, eta Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa izango dute topaleku. Ikasturtean zehar, esperimentu zientifiko eta teknologikoak egingo dituzte hainbat esparrutan, eta ikertzaile profesionalek zuzendutako proiektuak ere garatuko dituzte taldean.

Izena emateko, honako web orri hau erabili behar da: www.bizilabe.elhuyar.eus/elgoibar. Eguenetako 1-2 DBHko taldea osorik dago (gorriz); gainerako taldeetan plazak daude oraindik.

2023 07 03 bizilabe taula

Prezioak:

  • Kuota: 18 euro hilean.
  • Familia ugaria, guraso bakarrekoak eta langabetuak: 10 euro hilean.
  • Bigarren anai-arrebaren inskripzioa, familia ez ugariak direnean: 10 euro, hilean.
  • Izaera sozialeko laguntzak jasotzen dituzten familiak: 4 euro, hilean.
  • Elgoibartik kanpokoek, 69 euro hilean, plazarik libre badago.