Joan den eguenean, San Pedro Egunean, hasi zituzten sanpedroak Idotorbe baserri-auzoan, eta festa giroak ez du etenik-izan azken lau egunetan. Ohikoa duten moduan, hainbat lehia eta ekitaldi antolatu dituzte jai batzordekoek. Esaterako, bariku gauean egin zuten mus txapelketa. Xabier Loiolak eta Edu Sanzek osatutako bikotea gailendu zen, Luis Kortaberria eta Iñaki Mancisidor sailkatu ziren bigarren postuan, eta Iñigo Loiolarentzat eta Unai Loilarentzat izan zen hirugarren lekua.
Zapatu arratsaldean umeak izan ziren protagonista, umeentzako jolasekin eta Rusoren animaliekin gozatzeko aukera eduki baitzuten. Niala magoak eman zuen magia ikuskizun ibiltariaz gozatzeko aukera ere izan zuten Idotorben batutakoek. Iluntzean, auzotarrek lagun arteko afaria egin zuten. Zapatu gaua Bide Batez taldearen erromeria doinuek girotu zuten. Ordu txikitan irrintzi txapelketa ere egin zuten, eta eztarriak eta sabelak bere onera ekartzeko berakatz sopa ere banatu zuten, doan, goizaldean.
Azkenik, jaietako azken egunean, domekan, bolo txapelketa egin zuten eta Iñigo Loiola gailendu zen. Arkaitz Rodriguezek eta Julian Loiolak osatu zuten podiuma. Bolo txapelketaren ostean, Maite Gourmetek eskainitako pintxo dastaketa izan zen, eta bazkalostean, erromeria.
• Errifaren zozketa
Jaiei amaiera emateko errifaren zozketa egin zuten. 5079 zenbakiaren jabeak irabazi du produktuz beteriko orga. 5741 zenbakia da erreserbakoa. Bigarren saria 2949 zenbakiarentzat da (erreserbako zenbakia: 1790)
- ARGAZKI-BILDUMA: 2023ko San Pedro jaiak Idotorben