Herriko Enparantzan izanda gainera, bestela Azpilgoetara joango ez zirenak ere batu ziren jaialdira eta itxura polita hartu zuen plazak.
Gararock taldeko Josu Iriondok egin zituen aurkezpen lanak. Eskertzen hasierako tartearen ondoren, irailaren 13an Mendaroko Garagartza auzoan egingo duten Gararock jaialdiko kartela aurkeztu zuen Iriondok. Iñaki Ovejero diseinatzaile grafikoak egin du aurtengo kartela, eta irailerako gonbidatu dituzten taldeak bost izango dira: Ithaka, Magia Bruta, Rukula, Sua eta Doctor Explosion talde asturiarra. Iraileko hirugarrena, betea datorrela azpimarratu zuen Iriondok aurkezpenean, hala ere, irailaren 21 eta 22rako, Sotoko Hotsak antolatua duelako Sinuösek Elgoibarren. Aurkezpena bukatzeko, 2020an hil zen Carlos Cebrian Cebri musikaria ere ekarri zuen han bildutakoen akordura Iriondok eta txaloz erantzun zuten entzuleek.
Jaialdia bera Amorantek hasi zuen. Eta ohi duen eran egin zuen, gainera, tronpeta joaz plazari itzulia eginda. Ez zuen hutsik egin Amorantek eta giro polita jarri zuen plazan. Eta saioa amaituta ere, ez zuen eszenatokia utzi Iban Urizarrek, hara batu zitzaizkiolako Andrakanen eta beste edozenbat saltsatan lagun izan dituen eta dituen musikariak: Patxi Zabaleta, Rafa Furnier, Jon Gurrutxaga eta Josu Iriondo bera. The Brian Valeta Movementen txanda zen. Andrakan desegin ostean, Rafa Furnierrek, Patxi Zabaletak eta Carlos Cebrian Cebrik sortutako proiektua da The Brian Valeta, eta ostiralean aurkeztu zuten Cebri bizi zela egindako grabazioekin ondu duten diskoa. BARRENen bertan ere aurreratu zuen Zabaletak The Brian Valeta Movementekin Sallobenteko lokaletan egiten zituzten entseguetako esentzia berreskuratu nahi zutela zuzenekorako, eta halaxe egin zuten barikuan. Inprobisazio tarte horren ostean, Bikustiken txanda iritsi zen. Entzuleak ere girotuagoak zeuden ordurako eta giro berezia jarri zuten Patxi Zabaletak eta Jon Gurrutxagak. Ordubete pasako kontzertua eman zuen Bikustikek eta gozatu zuen publikoak.
- ARGAZKI-BILDUMA: Gararock parkean jaialdia