Establezimenduetako errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak

Barren.eus 2023ko uzt. 5a, 10:59

Elgoibarko Udaleko Euskara Sailak establezimenduaren errotulu nagusia euskaraz edo irudi korporatiboa euskaraz edo ele bietan jartzeko dirulaguntzak emango ditu.

Errotulu nagusia euskara hutsean edota irudi korporatiboa euskaraz edo ele bietan jartzen duenari, kostearen %50eko dirulaguntza emango dio Elgoibarko Udalak, gauza bakoitzerako gehieneko kopurua 300 eurokoa izanik. Gauza bietarako, gehienez 500 euro. Dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa da euskaraz ondo idatzita egotea eta hori Euskara Zerbitzuak ziurtatu beharko du. Errotulu nagusiaren kasuan, izena edo izen-abizenak soilik agertzen badira, Udalak ez du dirulaguntzarik emango.

Eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 30a izango da eta interesdunek dagoeneko eskabideak aurkez ditzakete HAZen (Santa Ana kalea 2, behea), edota telematikoki www.elgoibar.eus webgunean. Informazio gehiagorako 943 744 366 telefonora deitu edo euskara@elgoibar.eus helbidera idatzi daiteke.