Elgoibarko Udalak prentsa ohar bidez azaldu duenez, Construcciones Aplibur S.L. enpresari esleitu zitzaizkion San Inazio kaleko 9. zenbakian Ludoteka berria eraikitzeko lanak, eta 2022ko martxoan hasi zituzten lanok, baina lokalari berari eragiten zioten komunitateko arazoengatik obra geldiarazi behar izan zuten. "Lanaren %51 egina zegoen arren, enpresak obrarekin ez jarraitzea erabaki zuen", eta egoera horren aurrean, Udalak gainerako lanak lizitatzea erabaki zuen, proiektua amaitzeko. Horregatik, obrak geldituta egon dira azken hilabeteetan.
Bigarren lizitazioa gauzatu ostean, Goki Erreformak S.L. enpresaren esku dago orain ludotetako obra, eta berrekin diote lanei. Proiektuan lokala egokitzeko beharrezkoak diren obra guztiak jasotzen dira, instalazio-lanak, espazioen banaketa eta inguratzailea hobetzea barne. Era berean, egungo ludotekan aurki daitezkeen espazioak mantenduko dituzte eraikitzen ari diren honetan, hala nola, ataria, harrera, mahai-jokoen gela, hezitzaileen gela, erabilera askotariko gela, tailerra, komunak eta biltegia. Ludoteka berriak 173,79 metro koadro erabilgarri izango ditu.
Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea pozik agertu da obrei berriro ekiteagatik, eta ludoteka berria lehenbailehen irekitzea garrantzitsua dela adierazi du, eta aurreratu du "aurten bertan" martxan egongo dela.
Bolatoki parkean kokatuta dagoenez, ludoteka batentzako leku bereziki erakargarria dela azpimarratu du Gurrutxagak, autoengandik urrun egoteagatik eta aire libreko ekintzak egiteko duen aukeragatik. Kokapen berri honekin, Udalak espazioa dinamizatu eta ludoteka udalerriaren erdigunera hurbildu nahi du, "herritar guztientzat irisgarria, segurua eta aberasgarria izan dadin, garapen integrala sustatuz eta herriaren bihotzean inklusioa sustatuz".