Bost elgoibartar eta mendaroar bat daude izena emanda Ehunmilak mendi lasterketarako

Barren.eus 2023ko uzt. 6a, 12:55

Ehunmilak Ultra Trail probaren 12. ekitaldia jokatuko dute uztailaren 7tik 9ra bitartean. Ohi duten moduan, Elgoibarko mendizale talde batek probako korrikalariei ongi-etorria egingo die, bariku gauean, Irukurutzeta eta Azkarate artean.

Ehunmilak lasterketako partaideak Beasaindik irtengo dira barikuan, 18:00etan, eta ondo bidean 22:00ak aldera pasatuko dira lehenengoak Madarixako gainetik, kontuan izanda lasterketako 43. kilometroa dela. Guztira 168 kilometroko eta 11.000 metroko desnibel positibodun ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, hazten jarraitzen du kirol proba gogor honek, eta parte-hartzaileen kopurua handitu egin da. Aurtengo edizioan guztira hamalau herrialde ezberdinetako 1.369 lagun dituzte izena emanda. Probaz proba honela daude banatuta partaideak: 472 partaide “ehunmilak” ultra-trail proban (11 talde taldekako modalitatean), 547 partaide “Goierriko Bi Haundiak” (G2H) trail proban eta 350 partaide “marimurumendi” maratoian. Gainera, emakumeen parte-hartzean errekor historikoa gainditu dute, eta inoiz baino emakume gehiagok hartuko dute parte hiru probetan: 28 emakume “ehm” ultra-trail lasterketan, 53 emakume “g2h” trail lasterketan eta 73 emakume “mmm” mendi maratoian. Aurten osatu duten boluntariotza taldea ere sekula baino jendetsuagoa da. Ibilbide osoan zehar 1.600 boluntario izango dituzte. "Ziur aski, Goierriko proba munduko trail ekitaldi garrantzitsu bakarra izango da saltakariak baino boluntario kopurua handiagoa dena", nabarmendu dute.

Azken urteetan moduan Elgoibarko eta Mendaroko ordezkariak ere izango dira hiru probetan. Sei dira Ehunmilak proban izena emandako elgoibartarrak eta mendaroarrak, bost gizonezko eta emakumezko bat: Joseba Elustondo, Laura Rodriguez, Iban Fernandez, Angel Quintana, Gorka Gonzalez eta Borja Rodriguez.. 88 kilometroko G2Handiak proban bederatzi elgoibartar daude izena emanda; eta, Elgoibarko lagun batek hartuko du parte Marimurumendi mendi maratoian.

Iaz, Angel Quintana izan zen Ehunmilak proba bukatzea lortu zuen elgoibartar bakarra eta bere estreinako parte hartzean 51. postuan sailkatu zen, 31.41.11ko denborarekin. Goierriko Bi Handiak proban parte hartu zuten bost elgoibartarrek lortu zuten proba bukatzea.

2023 07 06 ehunmilak 2019 elgoibar flana Otsourteagan

2023 07 06 ehunmilak 2019 elgoibarren flana arg alberto fernandez

2023 07 06 ehunmilak 2019 elgoibarren arg alberto fernandez