Gogor lan egin du jai batzordeak urte osoan zehar aurtengo egitaraua prestatzeko. Zazpi lagun ibili dira antolakuntzan, baina horiez gain, boluntario sare handi bat daukate bueltan, asteburua bete-betea datorrelako. 19:00etan hasiko dira jaiak, Urasandi okindegikoek botako duten txupinazoarekin, eta domera arte ekitaldi ugari izango dituzte auzoan. Iban Quintana jai batzordeko kideak egin digu asteburuak emango duenaren aurrerapena.
• 40 urteko etenaren ostean, iaz berreskuratu zenituzten Urazandiko jaiak. Nola hartu zituen jendeak?
Oso ondo. Dena ondo irten zen eta auzotarrak oso pozik geratu ziren. Bi-hiru urtez egin ziren jaiak lehen, baina auzotarrek oso gogoan zituzten, eta sekulakoa izan zen. Parkean geundela hasi ginen festak berreskuratu behar genituela pentsatzen, eta azkenean lortu genuen. Gainera, adin guztietako jendearentzako jaiak izan ziren, eta oso gustura geratu ginen. Ez genuen dena ondo egin, eta aurten, oker egindakoak hobetzen saiatu gara. Egitarau bete-betea prestatu dugu. Iruñeko San Ferminak eta Amañako jaiak asteburu berean izanda ,konpetentzia daukagu, baina hala ere, jende pila bat ibili zen iaz.
• Asteburuan izango dugu jaien bigarren edizioa. Dena prest astebururako?
Bai, egitaraua prest daukagu, baina eguraldia ez dago gure esku eta azken egunetan etengabe ari gara eguraldi iragarpenari begira. Eguraldi ona egiten badu, jende gutxiago etorriko da, eta guretzako garrantzitsua da jendea etortzea. Lan handia egin dugu urte guztian zehar, eta orain herritarrek partehartzea behar dugu. Bilera asko egin ditugu dena antolatzeko. Zazpi lagun gaude jai batzordean, batzuk gainera berriak sartu dira aurten, eta justuan ibili gara. Lanak banatu ditugu, baina agian hiru bat lagun gehiago beharko genituzke. Asteburuan bertan laguntzeko jende asko agertu da prest, boluntario asko dauzkagu lan puntualak egiteko: barran lan egiteko, mahaia prestatzeko, paella banatzeko... Hori eskertzekoa da, hori gabe ez legokeelako jairik, baina urte guztian zehar egin behar da lan jaiak antolatzeko.
• Zein berrikuntza izango ditugu aurtengo egitarauan?
Iazko jaietatik dirua geneukan aurreztuta, beraz, aurten hobekuntzak egin ditugu egitarauan. Iazko akatsetatik ikasi dugu, eta egitarau bete-betea prestatu dugu. Iaz esan ziguten helduentzako erromeriaren bat falta izan zela, eta aurten sartu dugu zapatuko bazkalostean. Tarte hori huts samar geratu zitzaigun iaz, eta jende asko herrira jaitsi zen. Aurten Mauxitxa txarangakoak gonbidatu ditugu bazkaritara, eta beraiek girotuko dute bazkaria. Eta ondoren, karaokea eta dantzaldia egongo da, jendea ez dadin auzotik joan. Horrez gain, konturatu ginen afaltzera jende asko kalera jaitsi zela, auzoan ez dagoelako hainbeste jenderi afaltzen emateko aukerarik. Horietako asko gero ez ziren berriz auzora igo, beraz, aurten horrelakorik ez gertatzeko, food truck estiloko furgonetak egongo dira, jendeak bertan afaltzeko aukera izan dezan. Kontzertuak ere sartu ditugu ostiral gauean. Amildegi taldeak joko du, eta pentsatzen dugu horiek ikustera etorriko direla gazteak. Igande goizean umeentzako jolasak eta puzgarriak egongo dira, eta zozketa pila bat. Iaz oso ondo pasatu zuten umeek, eta hori ikusita aurten ume gehiago etorriko direla espero dugu. Nire ustez oso polita izan zen domeka goiza; umeen ilusio aurpegiak ikusteak beti ematen du poza.
- ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1293. zenbakian -PDF-
EGITARAUA
UZTAILAK 7, BARIKUA
- 19:00 Jaiei hasiera emango dien traka. Urasandi okindegikoek botako dute txupinazoa.
- Ondoren, txapel, txabes eta igel toka txapelketa. Herri Eskolan.
- 20:00 - 23:00 Kontzertuak: Amildegi, The Pladoures eta Ekinocio.
UZTAILAK 8, ZAPATUA
- 10:00 Auto klasikoen kontzentrazioa. Herri Eskolan.
- 11:00 Historiaurreko teknikak eta bizimoduaren erakustaldia, Jose Julian Marquezen eskutik.
- 12:00 Mauxitxa txaranga.
- 14:30 Herri bazkaria, Mauxitxak girotuta.
- 16:30 Dantzaldia eta karaokea.
- 17:00 Buruhandiak.
- 18:30 El Bille. Flamenko fusioa.
- 21:00 DJ Tilla.
- Goizaldean, apar festa
UZTAILAK 9, DOMEKA
- 11:00 Jolasak, puzgarriak, koltxonetak, patata tortilla lehiaketa... Herri Eskolako patioan.
- 12:00 Irati, zirku tailerra.
- 16:00 Jaien amaierako traka.