Maria Muñoz Caffarel: "Beldurra galdu behar diogu minbiziari"

Barren.eus 2023ko uzt. 8a, 15:18

Mendaroko garagardo azokan batzen den dirua jasoko duen ikertzaile taldeko buruetako bat da Maria Muñoz Caff arel (Madril, 1980). Ikerbasqueko ikertzailea da eta Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuan egiten du lan, bularreko minbizia ikertzen. Minbizia naturalizatzea derrigorra dela dio, eta asmo horrekin etorriko da Mendarora.

 

 • Hilaren 13an, garagardo azokaren hasierako ekitaldian parte hartuko duzu (San Agustin kulturgunean, 18:00etan). Zer asmorekin zatoz?
Minbiziaren gaia gizarteratzeko asmoz goaz Mendarora. Minbizia hitza gero eta sarriago entzuten dugu tamalez, eta entzute hutsak ikara eragiten digu oraindik, baina egiaz, askok ez dakite minbizia zer den. Askok uste dute minbizi onak eta txarrak daudela eta bularreko minbizia dela onetako bat. Eta egia da badaudela heriotzatasa handiagoa duten minbiziak, pankreakoa eta gibelekoa, esaterako, baina minbizi onak eta txarrak dauden uste hori ez da zuzena. Horregatik iruditzen zaigu beharrezkoa minbizia bera zer den azaltzea, bai eta guk hemen zertan dihardugun kontatzea ere. Hogei bat minutuko aurkezpena egitea daukagu aurreikusita eta gure ondoren elkarte bakoitzeko ordezkariek bost bat minutuko tartea izango dute zertan ari diren azaltzeko.

 • Egin dezagun argazki bat. Zenbatekoa da prebalentzia?
Ez naiz epidemiologoa, ezta estatistikaria ere, eta ezin dizkizut Gipuzkoako datuak eman, baina esan dezakeguna da zortzi emakumetik batek
bularreko minbizia izango duela bere bizitzan, eta kasuen %70ean sendatu egingo direla. Gaur egun sendaezintzat jotzen dena bularreko minbizi metastasikoa da. Hori da gure drama, eta horregatik hori ikertzera bideratu ditugu indarrak.

 • Zeri esaten diogu bularreko minbizi metastasikoa?
Bularreko minbiziak bularrean du beti sorburua, baina gaixotasunak pronostiko ona duenean eta gaixoak bizitzeko aukera handiak dituela esaten dugunean bularreko minbizi lokalizatuaz ari ohi gara. Baina, gertatzen da, batzuetan, zelula kantzerigeno horiek bularraz harandiko beste ehun edo organo batzuetara zabaltzen direla eta horri esaten diogu bularreko minbizi metastasikoa. Zelula horiek zabaldu daitezke hezurretara, biriketara, burmuinera, gibelera edo beste norabait, eta horrentzako, gaur gaurkoz, ez daukagu sendabiderik. Hala ere, esan beharra dago bularreko minbizi metastasikoarekin ere urte asko bizi daitezkeela zenbait gaixo. Egia da hor ere, mailak daudela. Adibidez burmuinera zabaldu den bularreko minbizi metastasikoa hezurrera zabaldu den bat baino gogorragoa da. Baina nik uste dut kontzeptu hori ondo barneratu behar dugula: bularreko minbizia, lokalizatuta dagoenean, sendatzeko aukera handia dago, kirurgia eta erradioterapia erabilita edota kimioterapia erabilita, baina arazoa zelula horiek zabaldu direnean izaten dugu. Eta gerta daiteke diagnostikoa dugunerako zelula horiek zabalduta egotea edo gerta daiteke baita ere bularreko minbizia gainditu eta handik urte askotara beste ehun batzuetan agertzea zelula horiek.

 • Zertarako izango da Mendaron bilduko duten dirua?
Bularreko minbizi metastasikoa ikertzeko erabiliko dugu diru hori, bularreko minbizi metastasikoaren aurkako immunoterapia berri baten ikerketarako, zehatzago esanda. Immunitate-sistemaren aktibazioan datzan terapia biologikoari esaten diogu immunoterapia. Immunitate-sistemak babesten gaitu kanpoko erasotzaileengatik -birus, bakterio...- nahiz gure gorputzak berak sortutakoetatik, esaterako minbizitik. Hildako jendearengan ikusi dugu minbizi kasu asko ez direla detektatzen immunitate-sistemak kontrolatu ahal izan dituelako. Orain arte, eta urte askoan, zelula kantzerigenoei eraso izan diegu beti, kimioterapia erabilita edo terapia bideratuagoak erabilita, baina immunoterapiaren bidez lortu nahi duguna da erdi loan gelditu den immunitate-sistema hori berriz heztea, tumorearen aurka egiteko esna dadin. Eta Mendaron batzen den diruarekin lagunduko dugun proiektuak CARTgel izena du zehazki.

 

2023 07 07 maria munoz elk kilibarren bularreko minbizia