Janire Rodriguez De Gabriel: “Aniztasun funtzionala dutenei dantzarako aukera emateko asko egin du Verdini taldeak”

Barren.eus 2023ko uzt. 8a, 16:49

'Ilunpetik argira' dokumentala emango dute uztailaren 22an Maalako parkean, 'Kultura ilargipean' egitasmoaren barruan. Verdini dantza taldeari buruzko dokumentala da. Aniztasun funtzionala dute taldeko dantzariek, Down sindromea gehienek, eta haientzako propio sortutako taldea da. Janire Rodriguez De Gabriel (Elgoibar, 2000) da dokumentalaren sortzaileetako bat. 

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean, eta ikasketa amaierako proiektuaren barruan sortu zuen dokumentala, beste bi ikaskiderekin batera. Elgoibarko proiekzioaren ostean, Verdini taldeak berak dantzaldia egingo du zuzenean, Maalako parkeko oholtzan.

 • 'Ilunpetik argira' dokumentala sortu duzu beste bi ikaskiderekin. Nola iritsi zitzaizuen dokumental hori egiteko aukera?
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi dut Mondragon Unibertsitatean, eta ikasketa amaierako proiektuaren barruan eskatu ziguten elkarteren bati buruzko ikus-entzunezko bat egitea. Taldekideek eta nik Verdini dantza taldeari buruzko dokumentala egitea erabaki genuen. Albisteen bidez ezagutu genuen Verdini taldea, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun. Sariren bat jaso zuen, eta komunikabideen bidez izan genuen taldearen berri. Gai sozial bat landu nahi genuen, eta hau oso polita iruditu zitzaigun. Historia luzeko taldea da, eta sortzeko arrazoia ere sentimenduz beterik dago. Isabel Verdini dantzariak sortu zuen bere iloba Down sindromearekin jaio zenean, eta ordutik asko egin du aniztasun funtzionala duten pertsonei dantzarako aukera emateko. Guri oso barrura iritsi zitzaigun gaia. Oso garrantzitsua da guk ditugun aukerak eskaintzea aniztasun funtzionala duten pertsonei, baina ez da erraza. Aukera hori emateko taldeak sortu egin behar dira, ez daudelako. Guk dauzkagun aukera berberak eurei eman ahal izateko lan egitea sekulakoa da.

 • Zer jasotzen du dokumentalak?
Verdini taldea barrutik ezagutzeko aukera ematen du dokumentalak. Urtebetez egon gara beraiekin lanean, eta hainbat grabazio egin dizkiegu. Entseguak grabatu ditugu, zuzeneko saioak, dantzariei elkarrizketak egin dizkiegu... Kanpotik ikusten dena nahiko azalekoa izaten da, eta guk barrutik erakutsi nahi izan dugu dantza taldea. Nola egiten duten lan, zein den beraien helburua, nola sortu zen taldea... Azken batean beraien historia jaso dugu. Esan behar dut baita ere taldekideek izugarri lagundu digutela. Ez digute inolako trabarik jarri gure lana egiteko, eta hasieratik elkarlanerako prest egon dira; taldeko hartu gintuzten hasieratik eta oso eroso sentitu gara beraiekin lanean. Zalantzak geneuzkan dokumentala, bideoklipa edo zer egin, eta beraiek ez digute inoiz mugarik jarri ezertarako. Antzinako materiala ere eman digute, eta taldearen historia azaltzeko oso ondo etorri zaigu. 17 minutuko dokumentala egin dugu azkenean.

2023 07 07 verdini taldea 1

 • Nolakoa izan da zuen lana?
Errespetuz lan egitea da gakoa. Askok uste dute Down sindromea duten pertsonak oso umeak direla, infantilak, eta horregatik ez dituzte behar bezala tratatzen. Nik gertu daukat aniztasun funtzionala duen pertsona bat, eta argi daukat aurriritzirik gabe joan behar dela horrelako pertsonengana. Nire nebak autismoa dauka, eta Nuala elkarteko kidea da. Nualak ere lan handia egiten du aniztasun funtzionala dutenei espazio bat emateko. Denak dira desberdinak eta bakoitza modu batean tratatu behar da, gu bezala. Askotan gehiago erakusten digute haiek guri, guk haiei baino. Ordu asko eman ditugu beraiekin, kideak ezagutu ditugu eta gauza asko konpartitu ditugu. Ez genuen grabatu eta alde egiten. Oso ondo pentsatzen genuen zer grabatu, nola hartu irudiak, nola atera argazkiak... Harreman ona eduki dugu uneoro. Abendutik ekainera bitartean egon ginen beraiekin lanean, eta gauza asko ikasi genituen.

 • Nola deskribatuko zenuke Verdini Taldea? Zer da zuretzat Verdini?
Galdera horrentzat bakoitzak bere erantzuna dauka. Guk askotan egin dugu galdera hori. Mondragon Unibertsitateak antolatzen duen Kimu Berri lehiaketan hartu genuen parte, eta han aurkezpen original bat egiteko eskatu ziguten. Egin genuen galderetako bat hori izan zen, zer zen Verdini taldea, eta konturatu ginen erantzun pila bat zeudela. Verdini ez da gauza bat, mila gauza dira. Niretzako Verdini taldea hotzikara bat da, ikusten dudan bakoitzean sekulako hotzikarak sortzen dizkidalako. Baina familia bat ere bada, taldelana... gauza asko dira.

 

2023 07 07 verdini taldea hankaluzatuta