Hamazazpigarren urtez jarraian antolatu du Devir argitaletxeak 'Catan' eta 'Carcassonne' mahai-jokoen Espainiako txapelketa eta han izan da Mikel Romero mendaroar gaztea, Catan mahai-jokoaren txapelketan. Esperientzia izugarria izan dela esan du. Iaz ikasi zituen 'Catan' mahai-jokoaren arauak, Eibarko Odisea elkarteak eta Mendaroko Arno Guraso Elkarteak antolatu zuten mahai-jokoen jardunaldirako. "Ikastolako lagun batek erakutsi zidan, Angelek, eta berarekin pare bat partida jokatuta aurkeztu estreinakoz lehiaketara. Zorte handia izan nuen. Nik irabazi nuen Mendaron eta hala lortu nuen Madrilerako sailkatzea. Mendaron irabazteagatik eman zidaten diruarekin 'Catan' jolasa erosi nuen, ez baineukan eta etxean ere jokatu ditugu pare bat partida Madrilera joan aurretik", azaldu du Romerok.
Madrilerako sailkatzeko ezinbestekoa zen sailkatze kanporaketetakoren bat irabaztea, eta Parlan jokatu dute azken fasea, hiru txandatara. "Hiru txanda horietan 30 puntu zeuden jokoan eta 26 lortu behar ziren finalerako sailkatzeko. Nik 23 bildu nituen", azaldu du Romerok. 10:00etan hasi zuten txapelketa eta ehun bat lagun zeudela azaldu dute Mikel Romeroen gurasoek. Arreta deitu zien parte-hartzaileen adinak, bi ume baino ez zituztelako ikusi guzti haien artean: eurena eta Mikel baino urtebete gazteagoa zen Kantabriako neska bat. Hiru txanda jokatu zituzten, ordubete ingurukoa bakoitza, eta aurrera egin zuten hamasei lagunek arratsaldean jokatu zuten finala. "Ez dakigu nork irabazi zuen, baina Las Vegaserako (Nevada, AEB) bi lagunentzako bidaia zegoen sarien artean". Era berean, Madrilgo txapeldunak urriaren 27 eta 29an Konpenhagen (Danimarka) jokatuko duten Europako Txapelketan parte hartuko du.
Parlan, 'Carcassonne' mahai-jokoko Espainiako Txapelketa ere jokatu dute asteburuan, eta hango irabazlea Essenen (Alemania) jokatuko duten Europako txapelketarako sailkatu da.
∞Lotura duten albisteak: