Master taldeko igerilariek Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia prestatzeko saioa egin dute

Barren.eus 2023ko uzt. 12a, 08:00

Elgoibarko Igeriketa Taldeko Master taldean diharduten igerilari ugarik dute Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian parte hartzeko asmoa; eta, proba prestatze aldera, Master taldeko zenbait igerilarik Getariatik Zarautzera igerian egin zuten joan den zapatuan, lasterketako ibilbide bera eginez.

Elgoibar Igeriketa Taldeko arduradunek jakinarazi dutenez, baldintza oso onetan igeri egiteko aukera izan zuten, eta urtean zehar egindako lanaren ordaina modukoa izan zen eurentzat joan den larunbatekoa. Itsasoaz gozatu eta igeriketa kultura zabaltzeko asmoz, Elgoibar Igeriketa taldeak, proba honetan zein parte-hartzera animatu du jendea.

Balea Igeriketa taldeak antolatzen duen Getaria Zarautz itsas zeharkaldia probaren 51. ekitaldia uztailaren 22 eta 23ko asteburuan jokatuko dute. Zarautz-Mollarri-Zarautz zeharkaldi luzearekin ekingo diote asteburuari, hilaren 22an; 11:00ean hasita, 5.000 metroko distantziako proba osatu beharko dute igerilariek. Domeka goizean, hilaren 23an, bi proba jokatuko dituzte: 10:00etan, haur zeharkaldia eta 11:30ean, berriz, proba nagusia, 2.850 metroko Getaria-Zarautz zeharkaldia.