Sarrerak 3 euro balio ditu, eta aurrez erosi daiteke Uztargi tabernan, eta bestela, egunean bertan kulturguneko atean.
Artista nagusia Rachel Therrien tronpeta-jole eta konpositore kanadiar-frantsesa izango da. Tronpetaz gain, fiskornoa ere jotzen du, eta hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Montrealgo Nazioarteko Jazzaldi ospetsuan 2015eko TD Grand Prize Jazz Award saria eta 2016ko Stingray Jazz Rising Star Award saria. Sei disko kaleratu ditu bere ibilbidean, eta Vena izeneko bosgarren diskoa urteko jazz diskorik onena izendatu zuten 2021ean, Kanadako Juno sarietan. 2023an kaleratu du Mi hogar izeneko bere seigarren diskoa.
Tronpeta-jolea ez da bakarrik arituko oholtzan. Iñigo Ruiz de Gordejuelak lagunduko dio pianoan, Mikel Urretagoienak bateria joko du eta Dario Guibert arituko da kontrabaxuan. Guibert diziplina anitzeko kontrabaxu-jotzailea eta irakaslea da. 2015ean Herbehereetara joan zen bizitzera, eta mundu osoko musikari handiekin elkarlanean hasi zen. Ondoren New Yorken bizi izan zen bost urtez, eta gero, Madrilen. Musikari lana, eta irakaskuntza uztartzen ditu hainbat eskolatan kontrabaxua, baxu elektrikoa eta Big Band eskolak emanez.
Iñigo Ruiz de Gordejuela da, beharbada, gurean taldeko ezagunena, besteak beste Mendaron jaioa delako eta Ameikutz musika eskolako irakasle ere izan delako. Musikari familia bateko kide da eta hamaika proiektu musikaletan murgilduta dabil aspaldian. Gasteizko Guridi kontserbatorioan hasi zituen ikasketak eta Bostonen eta Erresuma Batuan ikasitakoa da. Estatu Batuetan, Guillermo Klein, Donny McCaslin, Miguel Zenon, Dave Holland, Ran Blake, Darcy James Argue, Carmen Lundy... musikari entzutetsuekin aritutakoa da, besteak beste. 2014an, Amalur proiektua sortu zuen, eta sari ugari pilatutakoa da.
Baterian, Mikel Urretagoiena musikari ordiziarra arituko da. Herbehereetan eta New Yorken Musika Ikerketako Masterra ikasi ondoren, Madrilen bizi da. Irakasle lanaz gain, The Machetazo, Primital, Ander Garcia Trio eta Wasabi Hurricane proiektuetako kide da, besteak beste. Sideman gisa egindako ibilbide luzea nabarmendu behar da, Jorge Rossy, Perico Sambeat, Mariano Diaz, Julian Maeso, Rachel Therrien, Kukai eta beste hainbat artista ezagunekin elkarlanean arituz.