PuntuEUS Behatokia euskarak Interneten duen egoera neurtzea helburu duen PuntuEus Fundazioaren ekimena da. Euskarak Interneten duen presentzia eta baita Internetek Euskal Herrian duen presentzia neurtzen dute, eta baita .EUS domeinuaren egoera eta bilakaeraren jarraipena egin ere. Azterketa urtean behin egiten dute, eta 2022. urteari dagokiona aurreko astean aurkeztu zuten prentsaurrean Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko zuzendariak eta Lorea Arakistainek, PuntuEUS Fundazioko marketin zuzendariak. Horiekin batera, Albert Cuesta, Aliança per la Presència Digital del Català erakundearen koordinatzailea eta Luistxo Fernandez, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakariak hartu zuten parte agerraldian.
Aurten, urtez urte aztertzen dituzten adierazleez gain, Googlen bilaketa zerbitzuak euskara diskriminatzen duela pentsatzeko zantzurik badagoen aztertu dute. Kezka horren abiapuntuetako bat Aliança per la Presència Digital del Català erankundeak egindako ikerketa bat izan da. Albert Cuesta koordinatzaileak prentsaurrean azaldu zuenez, bilaketak egiterako orduan Googlen algoritmoak katalanaren ikusgarritasunean duen eragina aztertu dute, eta 2022ko udaberritik aurrera, gaztelaniazko emaitzak lehenesten eta katalanez zeudenak zigortzen dabilela ondorioztatu dute. Honen eraginez, aztertutako webguneen % 66,5ean, gaztelaniazko eduki baliokideekin alderatuta, katalanaren aukerak ikusgarritasuna galdu duela ikusi dute.
2021aren hasieratik 639 webgune eleaniztunen trafikoari buruzko datuak aztertu ondoren, Aliança per la Presència Digital del Catalàk zehaztu du hiru webgunetik bik bisitak galdu dituztela katalanez, eta, kasuen % 80an, gaztelaniazko bertsioak irabazi duela. "Fenomeno horrek ez du zerikusirik erabiltzailearen hizkuntza-lehentasunekin, bilatzaileek ez baitute errespetatu”, Cuestaren berbetan.
Euskal Herrian, euskarazko Wikipediaren arduradunek ere antzeman dute Googlen algoritmoaren aldaketa. Bisita kopuru orokorraren joera goranzkoa izan arren jaitsiera neurtu dute hainbat alorretan. Luistxo Fernandez EWKEko lehendakariaren berbetan, Euskal Wikilarien Kultur Elkartean kezkatuta daude, eduki eta kalitate gehikuntzan Euskarazko Wikipedia elikatzen ondo dabiltzan frogak dituztelako, eta hala ere, iaztik, alor zehatz batzuetan "trafikoa galtzen" ari direlas atzeman dute. "Googletik bideratutako bilaketetan dago gakoa, oso argi daukagu”.
PUNTUEUSek aztertutako laginean ere, Googlen bilaketa zerbitzuan euskara gazteleraren mesedetan diskriminatzen dela identifikatu dute, eta, ondorioz, euskarak Interneten duen ikusgarritasuna galdu duela nabarmendu dute.
Josu Walliñok azaldu zuen euskal erabiltzaileen bilaketei gaztelaniazko emaitzekin erantzuten diela Googlek. "Honek ondorio larriak ditu, euskara baztertu eta gaztelaniaz nabigatzera eramaten dituelako erabiltzaileak, euskararen ikusgarritasuna murriztuz. Orain, azterketa sakonduko dugu emaitzak euskal Interneten izan duen eragina neurtu eta hartu beharreko neurri zuzentzaileak aztertzeko”.
• Gero eta gailu gehiago euskaraz
Gainerakoan, datu baikorrak ere utzi ditu Behatokiaren azken azterketak, erabiltzaileen hizkuntza hautuari dagozkionak hain zuzen ere. Azken neurketa egin zenetik bikoitzu egin da gailuak euskaraz konfiguratuta dituzten erabiltzaileen kopurua. Duela 5 urte aztertu zuten azkenekoz gailuak euskaraz erabiltzen dituzten erabiltzaile kopurua eta orduan jaso zen inoizko daturik baxuena: gailuen % 2 inguru zegoen euskaraz.
Iaz egindako azterketaren arabera, datu hori bikoiztu egin da, eta % 4koa da orokorrean eta % 15ekoa erabiltzaile euskaldunen artean. Datua apala izan arren goranzko joera “albiste ona dela” azipimarratu du Lorea Arakistainek. “Herritarrek gailuak eta nabigatzaileak euskaratzea sustatzeko ekintzek eragina dutela erakutsi dute datuek”.
• Behatokiaren datuak eta webgunea eguneratuta
PUNTUEUSen Behatokiak 2022an aztertutako gainerako datuei erreparatuta, gaur gaurkoz, Euskal Herriko webguneen % 14k dauka edukiren bat euskaraz. Horrez gain, .EUS domeinua erabiltzen duten webguneen artean, % 75k euskarazko edukia argitaratzen du eta, beraz, .COM edo .ES bezalako domeinuekin alderatuz gero, euskararen presentzia askoz handiagoa dela ikus daiteke. Izan ere .COM domeinua erabiltzen duten eta euskaraz argitaratzen duten weborrien datua % 8ra jeisten da, eta .ES domeinuetan % 6ra. Datu horiek kontuan izanda, “.EUS domeinua euskararen arnasgune digitala” dela adierazi du Waliñok, “.EUS domeinuak euskararen presentzia indartzen du Interneten”.
• Datu guztiak "modu aurreratuan" argitaratuta
PUNTUEUS Behatokiaren 2022ko txostenak duen berritasun nagusia bere argitalpen modua izan da. Behatokiaren webgunea berritu dute, eta datu guztiak "modu aurreratuan" argitaratu dituzte business intelligence teknologia erabiliz. Sistema berri honi esker, orain arte egin dituzten eta hemendik aurrera egingo dituzten azterketa guztiak modu interaktiboan kontsultagai egongo dira Behatokiaren webgunean, datu guztiak lurralde eta herri mailan filtratu eta ikusteko aukerarekin.