Indarkeria matxistaren kontrako protokoloa aurkezteko prestakuntza saioa egin dute Mendaron, santanei begira

Barren.eus 2023ko uzt. 19a, 10:50

 
Ekainaren 21ean egin zuen lehenengo bilera Mendaroko Udalak herriko hainbat eragilerekin. Udalak berak sortutako protokolo-zirriborroa aurkeztu zieten orduan eragileei, eta haien ekarpenak jasota, berriro elkartu ziren hamabost egunen buruan. Bilera hartan erabaki zuten sentsibilizazio kanpaina egitea eta protokoloa herriko taberna, denda eta gainerako lekuetan zabaltzea. Era berean adostu zuten prestakuntza saio berezia egitea, herritarrei protokoloa azaltzeko. Astelehenean, hilaren 17an, egin zuten prestakuntza saio hori udaletxeko udalbatza aretoan, Edurne Izagirre psikologoak gidatuta. Tabernariak, txosnetako arduradunak, herriko zenbait taldetako ordezkariak eta hainbat norbanako bildu ziren han. Bileran azaldu zitzaien, besteak beste, Udalak tokiko arreta zerbitzua ere eskainiko duela uztailaren 22tik 26ra arteko tartean, 20:00etatik 08:00ak arteko ordutegian. Zerbitzu anonimoa izango da, eta konfidentzialtasuna bermatuta egongo dela nabarmendu dute Udaletik. Hauxe da telefono zenbakia: 747 420 594.
 
Protokoloaren puntu nagusiak ere zerrendatu dituzte, eta dei berezia ere egin diete gizonei, euren erantzukizunaz ohartarazteko eta jarrera matxisten konplize izan ez daitezen. 
 
Protokoloaren puntu nagusiak.
 
Emakume bat arriskuan dagoela uste baduzu edo erasotua izan dela esaten badizu:
 
  • Ez epaitu. Ez jarri zalantzan haren hitza.
  • Konfiantza sortu: Nola duzu izena? Zer moduz zaude? Nola lagundu zaitzaket?
  • Leku lasai eta segurua eskaini eta eman baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa.
  • Sexu eraso edo bortxaketaren bat izan bada, eta nahiz eta jakin ez biktimak salatu nahi duen ala ez, jakinaraziozu jaten edo edaten badu edo arropaz aldatzen bada, frogak ezaba ditzakeela.
  • Biktimak zauriak baldin baditu edo osasun arreta behar badu, jakinaziozu sendagileak behartuta daudela epaitegira partea bidaltzera.
  • Biktima erregulatu gabeko egoeran baldin badago ere, berdin jokatuko dugu, eskubide berberak dituelako.
ARRETARAKO TELEFONO ZENBAKIAK:
 
HERRIKO ARRETA ZERBITZUA: 747 420 594 (uztailaren 22tik 26ra, 20:00etatik 08:00etara)
SATEVI (24 ORDUKO ZERBITZUA): 900 840 111
Larrialdi zerbitzuak: 112
Gizarte larrialdietarako zerbitzuen koordinazio zerbitzua: 943 224 411