Haritz Euskal Dantzari Taldekoek hasiko dituzte aurten sanbartolomeak

Barren.eus 2023ko uzt. 19a, 12:27

 

Gaur aurkeztu dute Elgoibarren sanbartolomeetako egitaraua, udaletxeko udalbatza aretoan egindako prentsaurrekoan. Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateaz gain, Andrea Arriola Udaleko Kultura zinegotziak eta Haritz Euskal Dantzari Taldekoek parte hartu dute aurkezpenean, eurek, dantza taldekoak, izango baitira aurten txupinazoa botako dutenak. 50  urte beteko ditu aurten Haritz Euskal Dantzari Taldeak, eta urte guzti hauetan egindako lana eskertu die Maialen Gurrutxaga alkateak. Dantza taldearen izenean, Imanol Arantzamendik hartu du hitza jarraian eta esan du ohore handia izango dela eurentzat herriko jaiei hasiera ematea. “Herritik gatoz eta herriko jaiak hastea garrantzitsua da guretzat”, esan du. Era berean, eskerrak eman dizkio Udalari akorduagatik, bai eta elgoibartar guztiei ere.
 
Zortzi eguneko jaiak izango dira aurten. Abuztuaren 22an hasi eta abuztuaren 29an amaituko dira eta 70 jarduera baino gehiago izango dira guztira. Jaietan aurrekontua, berriz, 220.000 eurokoa izango da, iaz baino 4.000 euro gehiago. Abel Florido Gandulloren Mogollón izeneko kartelak iragarriko ditu jaiak, berea izan baita aurtengo lehiaketan saritu duten lana. Guztira, hamazazpi lan aurkeztu dituzte helduen kartel lehiaketara; haurrentzako lehiaketan, berriz, bederatzi lan lehiatu dira. 
 
Kultur eskaintza
Jaietako egunak honakoak izango dira: Abuztuaren 23a (Bezpera Eguna), abuztuaren 24a (San Bartolome Eguna), abuztuaren 25a (Txiki Eguna), abuztuaren 26a (Baserritaren eguna), abuztuaren 27a (Jubilatuen eta Haurren Eguna) eta abuztuaren 28a (Nerabe eta Gazteen Eguna). Ohi bezala, musika izango da protagonista nagusietako bat. En Tol Sarmiento, Tapia eta Leturia, Neomak, Gabezin erromeria taldea, Su Ta Gar eta Elgoibarko Musikaren Elkarteko Ellie Jensen, Brillet eta Muzak izango dira kontzertuak emango dituzten taldeak, baina ez da horra mugatzen kultur eskaintza. Horiez gain, kaleko ikuskizunak eta kalejiak ere izango dira, besteak beste honako hauenak: Mauxitxa txaranga, Udal Musika Banda, dultzaineroak, txistulariak, Rockalean elektrotxaranga, Santiagoko deabruak, eta Zirika Zirkus. Ez dira faltako, era berean, azken urteotako Larrain Dantza eta Javier Elorza eta Pello Arrietaren eskutik egingo den bisita gidatua ere. Era berean, urteroko ekintza batzuk ere mantenduko dira, esaterako: erraldoi eta buruhandien kalejirak, soka dantza, goitibeheren jaitsiera, dantza eta txistu emanaldiak eta erretiratuen bazkaria.
 
Sokamuturra
Abuztuaren 25ean, 27an eta 28an egingo da sokamuturra, King Kong paretik abiatuta. 25ekoan Arno ganadutegiko zezenak izango dira, 26an Leizaran ganadutegikoak, eta 28an, Ruso ganadutegikoak.
 
Kirol jarduerak
Abuztuaren 23an jokatuko da Memorial Etxaniz txirrindularitza lasterketa, eta abuztuaren 24 eta 25erako profesionalen esku pilota jaialdia antolatu dute. (Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija, eta Jaka-Albisu eta Artola-Mariezkurrena). Abuztuaren 26an, berriz, Elgoibarko XXIII. Harri-jasotze txapelketa egingo dute Kalegoen plazan, eta 28an, II. Herri Kiroletako Triatloi Txapelketa.
 
 
Sanbartolomeak herritar guztientzako jaiak izatea nahi du Udalak, eta berdintasunean oinarritutakoak. Horretarako, hainbat neurri hartu ditu, eta Aske maitte daigun kanpaina abiarazi. Hartutako neurrietako batzuk: 
 
  • Hainbat  jardueratan, lehenengo lerroa gurpidun aulkiak erabiltzen dituztenei gordeko zaie.
  • 18:00etatik 20:00etara ez da musikarik egongo barraketan, entzumen hipersentikortasuna duten pertsonek ere gune horretaz gozatzeko aukera izan dezaten.
  • Lekueder parkea buruhandirik gabeko gunea izango da.
  • Txiki Egunean, Bolatokiko parkean eta Mintxetako igerilekuen inguruan ardorik ez botatzeko eskatu dute. 
  • Aske maitte daigun kanpainaren barruan, bigarren urtez, gaueko taxi zerbitzua eskainiko du Udalak abuztuaren 23an, 25ean, 26an eta 28an. Horrez gain, Beldur Barik gunea, substantziei buruzko informazio eta testing gune bat eta alkoholimetria-gunea ere jarriko dituzte.