Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezeztearen kontrako mozioa onartu dute Elgoibarko EAJko eta EH Bilduko hautetsiek

Barren.eus 2023ko uzt. 21a, 08:54

Udaletan euskara bakarrik erabiltzea baimentzen duen Euskal Udalen Legea baliogabetu zuen Konstituzionalak, eta larria iritzi diote sinatzaileek, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea dela iritzita. PSE-EEk mozioaren kontra bozkatu zuen osoko bilkuran.

"Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu. Bide batez esan, herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori", jaso dute Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean izeneko mozioa. EAJ eta EH Bilduko hautetsien ustez, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai horrek eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du. Horren harira gogorarazi dute Eusko Legebiltzarrak "kontsentsu zabalez" onartu zuela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetutako Udal Legea. Inkesta Soziolinguistikoen emaitzetan oinarrituta jaso dute gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak, eta horrenbestez, epai hori euskararen biziberritzearen kontrakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere badela. Sinatzaileen ustez, epai hau "oldarraldi judizial zabalago baten parte da", eta "hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario baten kokatzen da"