Aniztasun funtzionala dute Verdini taldeko dantzariek, Down sindromea gehienek, eta haientzako propio sortu zuen taldea Isabel Verdini dantzariak (Donostia, 1971), 1992an. Bartzelonan dantza ikasketak egiten ari zela bere iloba Haizea jaio zen Down sindromearekin, eta hari etorkizunerako aukera bat emateko helburuarekin sortu zuen taldea. Kultura Ilargipean egitasmoaren aurkezpenean azaldu zuen Verdinik berak: "Kolpe gogorra izan zen guretzat iloba Down sindromearekin jaio izana, baina une hartan bertan ahizpari esan nion lasai egoteko, Haizea dantzaria izango zela, izeba bezala". Dantza garaikidea eta modernoa egiten dituzte. Sortu, amestu eta sinistu egiten du Verdini taldeak, eta bihotzetik dantza egiten dute. 24 eta 40 urte bitarteko 13 dantzarik osatzen dute taldea, eta horietako bederatzik Down sindromea daukate. "Familia" bat dira, eta hala bizi dute taldea. Aniztasun funtzionala bistaratu eta ikusgarri egitea da taldearen helburua. Horretarako, Maalako parkea gune oso aproposa dela azaldu dute, herritarren bista-bistan dagoelako". Emozioak, sentimenduak eta teknikak bat egingo dute uztailaren 22an Maalan. Orain arteko koreografiarik onenak aukeratu dituzte Elgoibarrerako, eta "magia" egingo dute eszenatokian.
Dantzaldiaren aurretik, baina, 'Ilunpetik argira' dokumentala emango dute Maalan. Janire Rodriguez De Gabriel (Elgoibar, 2000) da dokumentalaren sortzaileetako bat. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean, eta ikasketa amaierako proiektuaren barruan sortu zuen dokumentala, beste bi ikaskiderekin batera. Irakurri hemen BARRENi eman zion elkarrizketa.
Emanaldia 22:30ean hasiko da eta doakoa da.