Geldirik egon dira orain arte, baina musikaren laguntzaz bizia hartu dute gaur, eta erraldoi dantzariak estreinakoz dantzan ikusteko aukera izan da herriko kaleetan. Erraldoi berriak Errosario kaletik ailegatu dira plazara, Elgoibarko dultzaineroen laguntzaz. Plazan zain zituzten ERBUZE konpartsakoek orain arte erabili dituzten lau erraldoiak (Aszensio Altzola eta Katalina Ibarra eta erregea eta erregina), eta sei erraldoiak dantzan jarri dituzte. Erregea eta erregina erretiratzeko asmoa dute, eta hortaz, ez da horiek dantzan ikusteko aukera larregirik egongo aurrerantzean.
Herritarrez gainera, gaur gaueko Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartuko duten taldeetako kideak ere batu dira plazara, erraldoi berriak ezagutzera eta Elgoibarko Udalak eta Haritzek prestatu dieten ongi-etorrian parte hartzera. Mexikotik eta Errumaniatik etorritako lagunak trikitilarien doinuek girotutako kalejiran ailegatu dira udaletxe aurreraino, umore onean. Erraldoien dantzak amaitutakoan, ohorezko agurra dantzatu diete errumaniarrei eta mexikarrei eta udaletxeko pleno aretora igo dira gero harrera ofizialean parte hartzeko.