Hasi dituzte santanak Mendaron

Barren.eus 2023ko uzt. 22a, 15:52

Arrate Iriondo, Arrate Loiola, Kontxi Arrieta eta Luis Salegik hasi dituzte aurten santanak, Mendaron irakasle ibilitako belaunaldi baten ordezkari gisa. Eguerdiko 12:30ean izan da txupinazoa, eta eguraldia lagun, jende asko bildu da plazara jaiaz gozatzera. Argazkiak barruan.

 Txupinazoaren aurretik, goizean, 11:00etan, Gazte Asanbladak antolatutako futbito txapelketako finala jokatu dute, ikastolako frontoian. Ormola eta Txahala taldeak lehiatu dira finalean, eta Ormola taldea gailendu da. Aparteko bi sari ere banatu dituzte, goleatzaile onenarena eta atezain onenarena. Golik gehien sartu duenaren saria Paul Agirrezabalarentzat izan da, eta atezain onenaren saria Xiker Agrasarrek jaso du. (Arg: June Fernadez)

 
Futbito finala amaituta, plazara inguratu da jendea, txupinazorako. Idurre Arriola eta Gartxot Fidalgo izan dira balkoira irteten lehenengoak. Gitarra hartu du Gartxotek eta Idurrek lagunduta Katasorginaren kantua abestu dute, Gartxotek berak sortutakoa. 2012an egin zuten antzerako zerbait, baina orduko hartan Aitzol Urainek Katasorginari jarritako koplak kantatu zituen Idurre Arriolak, Xabier Etxaniz soinujoleak lagunduta. Kantuaren ondoren, gaurko protagonistak agertu dira balkoira: Arrate Iriondo, Arrate Loiola, Kontxi Arrieta eta Luis Salegi irakasleak. Mendaron irakasle ibilitako belaunaldi baten ordezkari gisa isotu dute txupina, Mendaroko Udalari eta urte guzti hauetan bidaide izan dituztenei eskerrak eman ostean. Esker mezuaz gain, eskaera bat ere egin diete herritarrei: gozatzeko jaiak elkarrenganako errespetuan eta jaietan ere euskaraz bizitzeko. Arrate Iriondok eman dio sua txupinari eta suziria lehertzearekin batera hasi da Katasorgina jaisten alkatearen bulegoko balkoitik plazaren beste muturrean jarritako oholtzaraino. Bizi-Poza txarangak alaitu du ondorengoa, eta erraldoien konpartsa berrikoek jarri dituzte dantzan hiru erraldoiak txarangakideek markatutako erritmora. 
 
Bero egin du jaien hasiera honetan eta itzalera egin dute plazan bildutakoek gero, frontoi ondora. Frontoian, dena gertu zuten Gaztetxekoek Gazte Eguneko bazkarirako. 215 gazte elkartu dira gaur frontoian, eta lerro hauek idazteko unean, bazkaritan zeuden guztiak. Bazkalostean jolasak egingo dituzte, eta 19:00etan Ñozz txarangakoek kalejira hasiko dute, Azpilgoetatik. Gauerako, berriz, Puro Relajoren kontzertua dago iragarrita, eta ondoren, Jo Ta Ito herriko talde gazteak joko du. Haien ondoren, 2MINO DJa arduratuko da  jaia luzatzen.
 

 

2023 07 22 santanak udal korporazioa txupineruekin

 

2023 07 22 santanak gazte eguna bazkaria

 2023 07 22 Santanak futbitoa ormola