Umeen eta adinekoen eguna ospatzen ari dira gaur Mendaron

Barren.eus 2023ko uzt. 23a, 16:23

Puzgarriak eta molto txapelketa izan dituzte haurrek goizean, Mendaron. Errekabarren zubian egin dute molto lasterketa. Ez da garai bateko parte-hartzerik izan, baina hala ere, gozatu dute izena eman duten neska-mutilek. Txu-txu trena ere ibili da atzera eta aurrera goiz osoan zehar -eta hala ibiliko da arratsaldean ere, 22:00ak bitartean-, eta eguerdian, Mendaroko Gazteak dantza taldekoen dantza emanaldia izan da frontoian. Berezia izan da aurtengoa. Izan ere, In Leike kultur elkarteak Mendaron dantza irakasle ibili direnak omentzeko baliatu dute ekitaldia. Ainhoa Urbieta dantza taldekoak egin ditu aurkezpen lanak. Aipatu du gerra aurrean Gregorio Santa Cruz ibili zela dantzan irakasten Mendaron, eta 36ko gerraren etenaren ondotik, erreleboa hartu ziotela Fausto Sanzek, Gregorio Vivesek eta Jose Mari Zelaiak. Geroztik, banaka-banaka asko izan dira Mendaron dantza irakasten ibili direnak, eta haiek guztiak izan dituzte gaur gogoan. (Oier Araolaza dantzari eta antropologoak jasota dauzka Mendaroko kontuak ere Gregorio Santa Cruzi eskainitako liburuan).

 
Ez dira gaur omendu guztiak frontoian izan, batzuk betiko joanak direlako eta beste zenbait oporraldian harrapatu dituelako ekitaldiak, baina plazan izan dira Jose Mari Zelaia, Joseba eta Aitor Etxeberria anaiak, Oscar eta Maria Eugenia Zubiaurre neba-arrebak, Arrate Iriondo, Edurne Zulaika eta Edurne Arrieta. Soka dantzan atera dituzte eta ondoren fandangoa eta arin-arina ere dantzatu dituzte omenduek Gazteak taldekoekin. Beheragoan, In Leike kultur elkartekoek zabaldu duten laburpen-bideoa.
 
Dantzak bukatu ondorenean, frontoia jaso eta herri bazkarikoak hartzeko prestatu dute jai batzordeko kideek, brigadako langileek eta zenbait gurasok. 115 haur zeuden izena emanda, eta etxetik eramandako ogitartekoak jan dituzte elkarrekin. Udalak edaria eta postrea banatu dizkiete, Galletiak-eko gaileta bana. Ondoren, jolasak egin dituzte eta gogotik gozatu dute gaztetxoek. Lerro hauek idazteko unean haurren danborradarako prestaketetan zebiltzan Arno guraso elkartekoak. 18:00etan irtengo dira danbor eta kupel jole gaztetxoak ikastolatik, Bizi-Poza txarangakoek lagunduta. Danborradaren ondoren, 20:00etan, Zirika Zirkusen 'Aurkitu gabeko altxorra' ikuskizuna izango dute, Ikastolako patioan, eta gauerako, berriz, Gozategiren kontzertua dago iragarrita (23:00etan Herriko Enparantzan).
 
2023 07 23 santanak dantza irakasle omenduak
 
2023 07 23 santanak haurren jolasak
 
2023 07 23 Santanak molto lasterketa
 
Jaiak dira Mendaron, baina Espainiako hauteskundeak ere badira gaur. Erruz gerturatu da jendea goizean zehar botoa ematera, baina izan da ezustekorik ere. Udaletxeko igogailua hondatu egin da eta une batez dena gelditu eta hauteslekua aldatu behar izan dute. Udaletxeko atarian egokitu dute dena, eta hantxe ari dira mendaroarrak botoa ematen. Jai-igora nagusi da herrian, baina aparteko beste ezustekorik ez dela izan adierazi dute mahaikideek. Besteetan izaten ez den bitxikeriarik gertatu da, hala ere. Dantza taldekoek mokadu bana ere eraman dizkiete mahaikideei, dantza taldeko kide bati mahaikide izatea egokitu zaiolako gaur. 
 
2023 07 23 Santanak Espainiako hauteskundeak