Bizi-Poza txarangakoek hasi dute eguna, eta eguerdi alderako ikastolako jolastokira batu dira herriko kuadrillak, herri bazkarirako. Paella lehiaketa egin dute, eta eurek sukaldatutakoa jan gero. 480 inguru elkartu dira bazkaritan, guztira 34 kuadrilla. Bazkalostean, 17:30ak aldera, playbacka izan dute. Mendarozabalen egitekoa zuten, baina euria hasi du eta ikastolako jolastokira bueltatu dira berriro, ordurako poteoan hasiak ziren kuadrillak. Lau talde lehiatu dira gaur playbackean. Aspaldiko parte-hartze txikiena izan da, baina baliteke orduak eta lekuak berak ere eragina izatea parte-hartze apalean. Normalean, gauez izan ohi da playbacka, baina gaur egun argiz egin dute, eta ikastolako jolastokian, harmailak goraino beteta zeudela jendez.
Iluntzean Elektrotxuflaren erritmora dantzatu dira kuadrillak. Iaztik ezagunak zituzten herrian eta aurten ere ez dute hutsik egin Elektrotxuflakoek. Gogotik aritu dira mendaroarrak kantuan eta dantzan haien erritmora. Ordu honetan, Bulego taldeak kontzertua ematekoa du, eta haiek bukatzen dutenerako, prest daude Mugi Panderoa erromeri taldekoak ere.
- UZTAILAK 24: Kuadrillen Eguneko argazki bilduma
- UZTAILAK 23: Umeen Eguneko argazki bilduma
- UZTAILAK 22: Gazteen Eguneko argazki bilduma