Lau etapa eduki ditu 2023ko Iruñerriko Itzuliak. Lehen etapan, La Morea (Leclerc) eta Mutilva artean lehiatu ziren txirrindulari gazteak, 115 kilometroko ibilbidean. Gari Errasti (Goierri Bellota) gailendu zen, eta irabazlearengandik 35 segundora ailegatu zen helmugara Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa), 29. postuan.
Bigarren etapa domekan, uztailaren 23an, jokatu zuten. Ororvian hasi eta bukatu zen 110 kilometroko etapa. Lau txirrindulariren artean jokatu zuten garaipena esprintean, eta Eneko Ortega izan zen indartsuena. Ortegaren atzetik, aurreko egunean lehen etapa irabazi zuen Gari Ugartek eskuratu zuen bigarren postua, eta Hector Alvarez (Lucta-Granja Rinya) sailkatu zen hirugarren postuan.
Hirugarren etapa Undianon hasi eta bukatu zuten, tartean 109 kilometroko ibilbidea osatu eta gero. Unai Ramos (Vizcay Hnos. Construccion) izan zen tropeleko indartsuena egun horretan, eta 9 segundoko aldea atera zien helmugan Iker Gomezi eta Hector Alvarezi, bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren. Eneko Ortega bosgarren postuan helmugaratu zen, irabazlearengandik 11 segundora.
Hala, sailkapen nagusia jokoan zegoela jokatu zuten laugarren eta azken etapara: Iruña-Iruña, 113 kilometroko ibilbidearekin. Aimar Alarcia donostiarra (Iruki) heldu zen lider azken etapara, Hector Alvarez bi segundora eta Eneko Ortega lau segundora zituela. Eta sailkapen nagusiko lehen hiru sailkatuen artean ez zen aldaketarik egon, bata bestea zaintzen aritu baitziren. Unai Ramosek irabazi zuen azken etapa. Sailkapen nagusiko lehen hiru txirrindulariak ia elkarren segidan helmugaratu ziren: hirugarren postuan Alvarez, bosgarrengoan Ortega eta seigarrengoan Alarcia, sailkapen nagusiko irabazlea. Bi segundoko aldearekin irabazi zuen Itzulia donostiarrak. Alvarez bi segundura gelditu baitzen, eta Ortega lau segundora.
• Gipuzkoako selekzioarekin, Frantzian
Iruñerriko Itzulian lehiatu aurretik, aurreko astean, Frantziako errepideetan lehiatu zen Eneko Ortega, junior mailako Gipuzkoako selekzioarekin. Ain Bugey Valromey Tour lasterketan hartu zuten parte. Etapetako bat gainera, uztailaren 16an jokatu zutena, Grand Colombier mendatean (1.501 metro) bukatu zuten, hiru egun lehenago Tourreko 13. etapako amaiera izan zen maila bereziko mendatetzarrean.
• Aritz Esnaola bigarren Kortaren oroimenezkoan
Joxe Mari Korta txirrindularitza saria jokatu zuten uztailaren 15ean Zumaian, eta Beñat Iñarra aramaioarra izan da azkarrena jubenil mailako txirrindularientzako lasterketan. Irabazleak bi ordu, 27 minutu eta 53 segundoan osatu zuen Zumaia inguruko errepideetan jokatu zuen 102 kilometroko proba. Elgoibarko Lagun Taldeako Aritz Esnaola mendaroarra sailkatu zen bigarren postuan eta Mattin Salegi zumaiarra hirugarrengoan.
Ikus hemen lasterketaren sailkapena.