San Bartolome jaien harira urtero antolatzen duten futbol txapelketak taldearen sasoi puntua zein den, eta jokalari berriak jokoan ikusteko aukera ematen die zaleei, eta gaurkoa are bereziagoa izan da, Jagoba Arrasate omendu dutelako Haundik eta Zumaiakok Mintxetan jokatu duten partidaren atarikoan.
Mintxetan azaldu diren Osasunako zenbait zalez gainera, hainbat ezagun eta lagun agurtzeko aukera izan du Arrasatek Mintxetan, eta baita taldekide ohiak ere. Horietako bi Elgoibar Kirol Elkarteko entrenatzaileak dira egun, Josu Guinea gizonezkoen Haundi taldekoa eta Andoni Duarte emakumezkoen Haundi taldekoa. Hiru taldekide ohiek egin dute zelai erdirako bidea, baina ez bakarrik, beste bi lagun berezirekin batera baizik. Zuzendaritzak erabaki du taldean jokatu duen elgoibartarrik zaharrenari eta gazteenari ematea Arrasateri oroigarriak emateko ohorea, eta Luis Mari Ruiz De Gauna "Tini" eta Eire Soraluze dira horiek. Irailean 93 urte beteko ditu goleatzaile handia izandako Tinik eta Soraluzek aurten jokatuko du estreinakoz Futbol Eskolan. Jagoba Arrasateri argazki bat, kamiseta bat eta lora sorta bat eman ostean, udal ordezkariek ere eman diote Arrasateri oroigarri bat, Udalaren izenean. Omenaldiari amaiera emateko txupinazoa bota dute. Arrasatek berak piztu du suziria zelai erdian.
Omemaldiaren ostean hasi da Haundi eta Zumaiakoren arteko denboraldi-aurreko neurketa, eta 2-1 gailendu dira elgoibartarrak. Abuztuaren 29an, bestalde, Haundi emakumezkoek Liga Nazionalean diharduen Arratia taldea izango dute aurkari. 18:30ean. izango da partida Mintxetan.
Jagoba Arrasate Elustondo (Berriatua, 1978) Elgoibarko taldeko jokalari izan zen lehenik, mende hasieran, 2003tik 2005era. Gero, futbola laga eta entrenatzaile ibilbidea hasi ostean, Haundiko entrenatzailea ere izan zen denboralditan, 2008 eta 2010. urteen artean. Arrasatek taldea gidatu zuen bi denboraldietan jokatu zituzten Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketak (Burgos taldeak kanporatu zituen elgoibartarrak 2009an eta Marino de Luanco talde asturiarrak 2010an). Elgoibarren egin zuen lan onak Realaren harreta piztu zuen eta fitxatu egin zuten. 2010ean Zubietan hasi zen Realeko gazteak entrenatzen. Gero, lehenengo taldeko entrenatzailearen laguntzailea izan zen. 2013ko ekainean, Philippe Montanierrek postua laga eta gero, Realak talde nagusiko entrenatzaile izendatu zuen Arrasate. 2014ko abendura arte jarraitu zuen postuan. Donostiatik Soriara jo zuen gero eta Numancia taldea entrenatu zuen Bigarren Mailan, hiru denboralditan. Soriatik Iruñeara egin zuen 2018an, eta Bigarren Mailatik Lehen Mailara igo zuen Osasuna 2018-2019 denboraldian. Seigarren denboraldia du aurtengoa Osasunarekin eta iazlortu zituen emaitzarik onenak, Ligan zazpigarren postuan sailkatu baitzen eta Espainiako Kopako finalera ailegatu zen, Real Madrilen aurka galdu arren final hura.