Agustin Mugerza omendu dute sokamuturraren hasieran

Barren.eus 2023ko abu. 25a, 10:45

Arnoren ganadutegia 1984an hasi zen zezenak eta bigantxak ekartzen San Bartolome jaietako dsokamuturretara, eta gaurkoa izan dute azkenekoa.

Arno ganadutegiko ugazabak, Irunaso (Aiastia) baserriko Agustin Mugerzak, sokamuturratik erretiroa hartzea erabaki du 39 urte eta gero. Hori dela-eta, Udalak egindako lanaren aitortza egin dio aiastiarrari. Ezustean eginiko omenaldia izan da, protagonistak ezer jakin gabe. Txiki Eguneko Diana Maalara ailegatu denean, eta Mauxitxakoek jotzeari laga diotenean egin diote omenaldia, ganadutegiko kamioia eta sokamutilak atzean zituela. Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak oroigarri bat eman dio Mugerzari, eta honek Maalan bildutakoen txaloak jaso ditu. 

Maalatik hasi da sanbartolomeetako lehen sokamuturra eta jendetza ibili da kaleetan. Muletadun torero batek ere eman du ikuskizuna Kalebarrenen eta Kalegoen plazan. Gaurkoa ohikoa baino laburragoa izan da, Santa Ana kaletik atera duten lehen bigantxak Unanue denda barrura sartu baita, erakusleihoko kristalak apurtuta. Bere burua zauritzeaz gainera, soka eten egin da kristalekin. Berriro kamioi barrura sartu dute eta ingurua garbitu arte ez dute hurrengoa atera. Atzerapena eragin du horrek. 

Abuztuarren 28ko sokamuturran Leizarran gabadutegiko abereak aterako dituzte sokamuturran eta Elgoibarko Ruso ganadutegikoak abuztuaren 28ko sokamuturran.

Irakurri hemen BARREN aldizkariak 2005ean sokamuturrari eta Arno ganatutegiari buruz Agustin Mugerzarekin eginiko erreportajea.-PDF-

2023 08 25 txiki eguna agustin mugerza omenajia sokamuturra BARREN 1