Elgoibarko Jubilatuen Biltokiak batzar berezia egin zuen ekainean, eta zuzendaritzarako erreleboa behar zutela adierazi zuten bilera hartan. Batzar hartan hainbat emakumek erakutsi zuten zuzendaritzan sartzeko interesa, eta uztailerako osatua zuten taldea. 13 lagunek osatzen dute talde berria; 11 emakumek eta bi gizonek: Maria Lourdes Beneitez (presidentea), Jose Luis Aldalur (lehendakari ordea), Maria Arrate Perez (diruzaina), Ana Isabel Loiola (idazkaria), Maria Aranzazu Iruretagoiena, Montserrat Egaña, Lorenza Sanchez, Maria Regina Isasti, Maria Isabel Lariz, Maria Carmen Oliveira, Maria Garcia, Arantza Narbarte eta Juan Manuel Sanchez.
Jubilatuen Biltokiak balorazio positiboa egin du talde berriaz. Taldea gogotsu dagoela adierazi dute, eta horrek egonkortasuna ekarriko duela gaineratu dute. Horrez gain, estreinakoz lehendakaria emakumezkoa izateak eta taldea bere gehiengoan emakumez osatuta egoteak biltokiari aire berria ekarriko diola adierazi dute. Aurreko zuzendaritzako kideek zorterik onena opa diote talde berriari, eta animoak eman dizkiete euren lanean, bereziki, lan boluntarioa delako.
Hasteko gogoetarako bi gai jarri dituzte mahai gainean:
- Gaur egun biltokiko zuzendaritzaren iraupena bost urtekoa da estatutuen arabera, eta gai hori aldatzea aztertu nahi dute, epe laburragoekin boluntario gehiago erakartzeko.
- Gizonezko jubilatuen parte-hartzea ere aztertu nahi dute. Emakumezko jubilatuek gehiago parte hartzen dutela diote ekintza guztietan, eta horren arrazoia zein den ikusi nahi dute, eta ahal dela, gizonezkoen parte-hartzea sustatu.
San Bartolome jaietako umeen eta jubilatuen eguneko jubilatuen bazkarian egin zuen estreinaldia talde berriak. Ekitaldia baliatu zuten aurreko zuzendaritzako kideei eskerrak eman eta berriei ongi-etorria egiteko (beheko irudian).