Gizonezkoen Espainiako Junior Selekzioak Europako Txapelketa irabaztea du denboraldiko bigarren helburu nagusia. Irailaren 20tik 24ra jokatuko dute Europako txapelketa, Drenthen (Herbehereak) eta harako prestatzeko, Lunigianako Giroan parte hartuko dute bihartik domekara bitartean. Hantxe izango da Eneko Ortega txirrindulari elgoibartarra ere. Juniorren Italiako egutegian ospe handiko lasterketa da Lunigianako Giroa eta horren adierazgarri da profesionalen tropeleko izarrek irabazi dituztela azkeneko edizioak: Remco Evenepoel, Andrea Piccolo, Lenny MartInez eta Antonio Morgado, besteak beste. Lau eguneko lasterketa da, eta bost etapa izango ditu aurten, hasierako jardunaldian parte-hartzaileek sektore bikoitzari aurre egingo diotelako.
Ibilbideak profil malkartsua du, eta hainbat igoera izango ditu, min egiteko eta hautagai nagusien artean aldeak ezartzeko. Lehen egunean amaiera bikoitza izango dute goian, goizean Fivizzanon (2. maila) eta arratsaldean Bolanon (1. maila). Bigarren jardunaldian, tropelak Passo del Portello (1. maila) gogorra gainditu beharko du. Hirugarren egunean, berriz, Fosdinovoko mendatea igo beharko dute (1. maila), amaieratik 20 bat kilometrora. Azkeneko egunean, berriz, bigarren mailako hiru mendate igo beharko dituzte, azkenekoa amaierarako 10 kilometro eskas falta dituztenean.
Eneko Ortegaz gain, Adria Pericas, Alvaro Garcia, Pablo Lospitao, Gari Ugarte eta Pablo Torres deitu ditu deialdira Manuel Mateo Espainiako hautatzaileak.