Festval-ek zabaldutako oharrean dioenez, "Hamarkada batean, TOKIKOMek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko". Elkarlan horien artean daude: Primeran ikus-entzunezko plataformarako egindako lana, datu kazetaritzan lehen pausoak eman dituen Saretzen proiektua, irratietara tokiko istorioak eramateko duten irrati-kolaborazioa, partekatu dituzten jakintza eta erremintak, saio bereziak elkarlanean produzitu eta pantailaratzea, etab.
Alaitz Artolazabal zuzendariak pozez hartu du saria: "euskara hutsezko hedabideak aitortzea ez da egunero gertatzen. Komunitate sendoa osatzen dugu, baina are handiagoa izango bada elkarlan efektiboak beharko ditugu ezinbestean. Txikitik egiten dugun ahalegin hau EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana positiboa da eta indarrak ematen dizkigu beste hainbeste urtetan jarraitzeko".
TOKIKOMek zero kilometroko komunikazioa lantzen du: gertuko komunitatearekin bat eginda, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzo eta profesionalean. Informazioa bertatik betara lantzen du bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz. Tokikomeko hedabideak kolore eta joera guztietarako biztanleengana heltzen dira. Eraginkortasunez eta baliabideei ahalik eta atarramendu handiena atereaz, konpromisotik eta komunitatea bera hobetzeko ahaleginean ale bat gehiago jarriz. Lan-jarduna euskara ardatz delarik burutzen da.Tokikom markaren atzean 250 profesionaletik gora ari dira lanean 76 komunikabidetik gora biltzen dituen bateragunean, guztiek ere komunikazio zerbitzua helburu izanik. BARREN astekaria ere komunitate horretako kide da.
ETBko kirol zerbitzuentzako ere izango da aitortza. XV. edizioko sari berezia emango diote informazioa eskaintzeko eta euskal kirolari zabalkundea egiteko, baita emakumezkoek egindako kirolaren erakusleiho izateko ere egindako lanagatik.
Saria irailaren 9an egingo den Festval 15. edizioaren galan jasoko du Tokikomek, iluntzean, Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan egingo den ekitaldian. Alfonbra laranjatik desfilatuko duten gainontzeko sarituak aurrerago jakinaraziko dituzte Festval-etik.