Maite Maiorak bosgarren egin du Mont Blanceko ultratrailean eta duela bi urteko arantza kendu du

Barren.eus 2023ko ira. 2a, 21:09

Duela bi urte ez zuen Mont Blanceko ultratraila amaitzerik izan urdaileko minak estu hartu zuelako eta arantza hori bazuen, baina kendu du gaur.

Bosgarren sailkatu da Maite Maiora gaur Chamonixen emakumezkoen artean, eta helmugaratzen 41.a izan da sailkapen nagusiari erreparatuz gero, bere kategorian (40-44 urte arteko emakumezkoetan), lehenengoa. Barikuan abiatu ziren lasterka 2.300 korrikalari, 18:00etan, eta hogeita bost ordu, bi minutu eta 26 segundoko denboran osatu du mendaroarrak 172,2 kilometro pasako ibilbidea, 9.963 metroko desnibel positiboduna.

 UTMB zirkuitoko ehun miliako lasterketa batean lehen hiru postuetan sailkatzen direnek zuzenean eskuratzen dute UTMBko lasterketa nagusirako txartela, eta maiatzean eskuratu zuen txartel hori Maite Maiorak, Alsace Grant Est traila irabazita. Izugarrizko poza izan zela aitortu zuen orduan, bazuelako barruan min bat, 2021eko UTMBaz geroztik. 2019an lehiatu zen estreinakoz UTMBko lasterketa nagusian, eta hirugarren egin zuen orduan. 2021ean itzuli zen berriro Chamonixera, baina ez zuen amaitzerik izan. Urdaileko minez utzi zuen lasterketa hura, baina gerora sarri aipatu izan du bere kirol ibilbidean egin duen "hutsik handiena" izan zela lasterketa hura lagatzea eta oraindik ez ziola barkatu bere buruari. Arantza hori ateratzeko asmoz itzuli da aurten UTMBra.

Atzo, hilak 1, lasterka abiatu aurretik, proba amaitzea zuen helburu, eta bukatu bakarrik ez, lehenengo hamarren artean sailkatzea lortu du emakumezkoetan, bosgarren hain zuzen ere. Atzetik aurrerako lasterketa egin du Maiorak, berea duen eran, eta "sasoiko" sentitu da ibilbide osoan. "Indartsu" ikusi dute lasterketa ikustera joandako lagunek ere. Lasterketa, Courtney Dauwalter estatubatuarrak irabazi du emakumezkoetan. Faborito argia zen Dauwalter eta ez du hutsik egin. Ultra distantzietan, gaur gaurkoz, nagusi dela berretsi du Dauwalterrek [Birritan irabazia du UTMBko lasterketa nagusia: 2019an eta 2021ean]. Katharina Hartmuth alemaniarra sailkatu da bigarren (24:10:42) eta Blandine L Hirondel frantziarrak egin du hirugarren (22:22:50). Fuzhao Xiang japoniarra izan da gaur helmugaratzen laugarrena, Maite Maioraren aurretik. 

2023 09 02 Maite Maiora UTMB

 
 Gizonezkoetan Jim Walmsley estatubatuarrak irabazi du lasterketa, 19 ordu, 37 minutu eta 43 segundoko denbora eginda. Zach Miller estatubatuarra eta Germain Grangier frantziarra sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 
 
UTMB lasterketa nagusia izan da azkena jokatzen, baina egunotan beste zazpi lasterketa ere jokatu dira Mont Blanceko ultratrailaren inguruko probetan, eta euskal herritar gehiagok ere parte hartu dute. MCC lehiaketan lehiatu da, esate baterako, Ainhoa Lendinez elgoibartarra. Martignyn hasi eta Chamonixen bukatzen da MCC lasterketa eta 38 kilometro luze da, 2.300 metroko desnibel positiboduna. 41. amaitu zuen Lendinezek eta bosgarrena izan zen bere kategorian. Lasterketaren inguruko gorabehera guztiekin kronika osatu du fin, eta hemen duzue irakurgai.