Eguraldiak ez ditu zapuztu San Antolin jaiak

Barren.eus 2023ko ira. 3a, 12:23

Barikuan hasi zituzten ekintzak San Antolin jaietan, eta urtero bezala, jende asko batu zen txapel eta oliba hezur jaurtiketetan. Eguraldiak errespetatu zuen bariku arratsaldea, eta iragarrita zegoen bezala, iluntzeko 20:00ak aldera hasi zen euria. Ordutik aurrera, euripean ospatu zituzten jaiak, baina umore onean. 

Txapel eta oliba hezur jaurtiketarekin hasi zituzten San Antolin jaiak barikuan. 35 gizonezkok eta 29 emakumezkok hartu zuten parte, eta lehia egon bazen ere, laguntasun giroan joan ziren bi txapelketak. Gizonezkoak hasi ziren txapela botatzen, eta Ekaitz Juaristi auzotarra izan zen txapela urrunen jaurti zuena, 23,82 metrorekin. Oliba hezur jaurtiketan, Aitzol Urain mendaroarrak eraman zuen saria, 16,18 metrorekin. Emakumezkoetan irabazle bakarra egon zen. Aneitz Arronak irabazi zituen bai txapel jaurtiketa eta baita oliba hezur jaurtiketa ere. 17,90 metroko distantziara bota zuen txapela, eta oliba hezurra, berriz, 10,55 metrora. Irabazle bakoitzak janariz eta edariz beteriko otarra jaso zuen saritzat, eta Aneitz Arronak bere otarretako bat eskaini zien antolakuntzako kideei, parte-hartzaile guztien artean zozketatzeko. Julen Guenetxea izan zen zozketako irabazlea eta hark ere otarra eraman zuen. 

Sari banaketa amaitzeaz batera hasi ziren lehenengo euri tantak, eta une horretatik aurrera, euripean ospatu zituzten jaiak. Bertso afaria egin zuten bariku gauean Iker Zubeldia, Julio Soto eta Agin Labururekin, eta asmatu zuten bai hiruren artean giro heze eta euritsua epeltzen. Zapatuan euriak ez zuen atsedenik eman, eta ekitaldi guztiak karpa barruan egin behar izan zituzten, herri kiroletako saioaren zati bat izan ezik. Mus txapelketa eta patata tortilla lehiaketa antolatu zituzten, besteak beste. Patata tortilla lehiaketa Maddi Uria eta Jare Rodriguez 12 urteko  mendaroarrek irabazi zuten. Mus txapelketan, berriz, Atxuri baserriko Maribel Bastidak eta haren biloba Iñaki Raposeirasek irabazi zuten. Etxe bereko lau lagunek parte hartu zuten mus txapelketan, eta hirugarren sailkatu ziren beste biak: Nerea Uranga eta Gaizka Raposeiras ama-semeak. Bigarren Jose Mari Berazeta eta Manuel Salegi sailkatu ziren mus txapelketan.

Errifako sarituak
Maialen Izagirrek jaso du San Antolin jaietan zozkatutako 500 euroko saria. Orgatilaren irabazlea ez da agertu oraindik: 3939 izan da zenbaki saritua (Ordezkoa, 4124).