Utzitako bidetik itzuli da proba, eta antolatzaileek Pirinioetako tokirik ezezagunenak, basatienak eta ikusgarrienak aukeratzeko ahalegina egin dute raida osatzen zuten kirol modalitate ezberdinak egiteko, besteak beste, rafting, mendiko bizikleta, canyoning, via ferrata eta orientazio probak. Aranraid probako parte hartzaileek 48 ordutan zehar, non-stop formatuan, hau da, geldialdirik egin gabe gainditu behar zituzten proba guztiak. Eta Euskalraid taldea izan zen guztietan azkarrena Elite kategorian. Lau lagunek osatu zuten taldea: Nahia Quincoces mendexarrak, Beñat Doyhartzabal ibarrarrak, Aitor Otamendi oñatiarrak eta Imanol Garaizabal elgoibartarrak. 38 ordutan bukatu zuten proba; 200 kilometro inguruko ibilbidea osatuta, 10.000 metroko goranzko malda metatuduna.
Euskalraid taldeko kideek oso ondo ezagutzen dituzte proba jokatu den inguruak, parte hartu zuten aurreneko raid garrantzitsua izan baitzen Aranekoa orain urte batzuk, 2015ean, hain justu ere. Bi urtean Europako Txapelketa izan zen Aranraid eta hirugarren eta bosgarren postuak eskuratu zituzten Euskalraid taldekoek. Eta, Aran bailarako paraje ikusgarriak ondo ezagutzeaz gainera, antolatzaileen estiloarekin eta proba antolatzeko moduarekin guztiz bat egiten dutela nabarmendu du Garaizabalek. "Oso raid serioa eta alpinoa da; 3.000 metrotik gorako altueretatik igarotzen gara edo sakan artetik. Ez dago txorakerietarako tarterik raid honetan, kañeroa da erabat, eta horregatik gustatzen zaigu horrenbeste". Mimoz prestatu zutela azaldu du kirolari elgoibartarrak, eta aurreneko postuengatik borrokan arituko zirela uste zuten arren, bi talde euren gainetik ikusten zituen. "Bigarren egin duten Frantziako Team FMR izan zen bat. Gu baino hobeak dira, besteak beste sekula ez diegulako irabazi, eta ondorioz, zaila ikusten genuen euren aurretik sailkatzea. Elkarri mokoka hasi ginen, baina era honetako proba luzeetan gorabehera ugari suertatzen dira bidean, eta lehia estu baten ostean, geu izan ginen oraingoan gorenean bukatu genuenak. Gu baino indartsuago ibil zitekeela uste genuen beste taldea kirolari ezagunez osatutakoa zen, UTMB lasterketan bigarren sailkatu izan den Uxue Fraile, Arnaud Julia frantziarra eta Albert Roca eta Albert Vilana kataluniarrak. Arerio gogorrak izan arren, ez zuten raid ona egin".
• Europako Txapelketa jokatzeko sailkatuta
Zortzi probez osatuta dagoen Adventure Races European Series txapelketarako proba puntuagarria izan zen Aranekoa, eta hortaz, Europako raid kirolari onmentsuenek hartu zuten parte. Lortutako garaipenari esker, Euskalraid taldeak Europako Txapelketa jokatzeko sailkatzea lortu du. Hiru aste barru jokatuko dute, irailaren 30ean, Frantziako Alpeetan.
Hona probaren laburpen-bideoa, eta amaieran irabazleen ailegaera: