Eta hain zuzen ere, hori islatuko dute irailaren 17ko emanaldian, eta hasierako musika taldeak sortu ziren garaia ekarriko dute gogora, 'Rockaren sorrera gogoan' ikus-entzunezkoaren bidez. Debabarrenean 60-70eko hamarkaden bueltan sortu ziren musika taldeei omenaldia egingo diete, garai hartako musika taldeak gogora ekarriz. Hamalau talde bildu dituzte, tartean Guillo bera kide izandako Espresion Sonora talde elgoibartarra. Ordu erdiko ikus-entzunezkoaren ostean, kontzertua emango du Leok'k taldeak.
• Noiz eta nola iritsi zinen Leo'k taldera?
Leok'k taldea 1968tik ari da musikan, hasierako musika taldeen garaitik. Ni neu ere 1969an hasi nintzen Espresion Sonora taldean, 16 urte nituela, gerora, Koska izango zenean. 2018an, 50 urte bete zituen Leok'k taldeak, eta disko bat grabatzeko deitu zidaten, baxua jotzeko. Taldekide batzuk ezagutzen nituen, eta baietz esan nien, gustura. Diskoa grabatu ostean, diskoa aurkezteko bizpahiru saio egingo zituztela esan zidaten, eta kontzertu horietan joko ote nuen galdetu zidaten. Baietz erantzun nien. Giro oso ona geneukan, eta taldean geratzeko gonbitea egin zidaten. Onartu egin nuen, niretzako ere musikagintzan aktibo egotea oso interesgarria delako eta oso gustura nabilelako taldean. Ordutik atera ditugu beste disko batzuk, eta azkena iaz kaleratu genuen, 'Bizirik hala ere.
• Emanaldi berezia prestatu duzue irailaren 17rako. Zer eskainiko duzue?
Azken diskoa zabaltzeko bururatu zitzaigun inguruko lehenengo musika talde haiek aintzat hartzea. Omenaldi edo errekonozimendu moduko bat egin nahi izan diegu hasierako taldeei, eta lehenengo saioa Zarautzen egin genuen. Zumaian ere egin dugu beste bat, Orion ondoren, eta orain, Elgoibarren egingo dugu. Hasteko, ikus-entzunezkoa aurkeztuko dugu. Argazkiz eta musikaz osatutako ordu erdiko ikus-entzunezko bat prestatu dugu, eta hori emango dugu lehenengo. Ondoren, taldeak ordubeteko kontzertua emango du, eta amaitzeko, ikus-entzunezkoan agertzen diren talde haietako kideei edo euren senideei oroigarri bat banatuko diegu. Batzuentzat ekitaldia oso hunkigarria suertatzen da. Niri ere barruraino iristen zait, imajinatzen dituzulako talde horien atzean egon diren bizipen guztiak, eta hori oso hunkigarria delako. Hamalau talde bildu ditugu guztira, eta saiatu naiz talde guztietako kideekin edo haien senideekin harremanetan jartzen, baina ez dakit horietatik zenbat agertuko diren ekitaldira. Ekimenak badu bere eragin emozionala egia esan, baina horrez gain, herriko kulturari ekarpen polita egiten diogula iruditzen zait. Garai hartako musika mugimenduaren berri izateko modu bat prestatu dugu, eta uste dut jendeari interesa dakiokeela.
• Hamalau talde bildu dituzue. Zein izan da irizpidea?
1972. urtean jarri dugu muga, beraz, urte hori baino lehenagokoak diren taldeak bildu ditugu ikus-entzunezkoan. 72an beste mugimendu bat hasten da: euskaraz abesten hasi ziren taldeen olatua. Espresion Sonora gure taldea ere Koska izatera pasatu zen, eta euskaraz abesten hasi ginen. Talde berriak sortu ziren, instrumentuak ere kalitate handiagokoak ziren... Aldaketa kualitatiboa egon zen, eta guretzako belaunaldi berri bat hasi zen. Guk hasiera-hasierakoak gogoratu nahi izan ditugu. Zaharrenak 1962an sortu ziren Eibarren. Hamalau bildu ditugu guztira: Espresion Sonora Elgoibarkoa, Los Mansos Soraluzekoa, eta gainerakoak Eibarkoak. Ez da erraza izan talde horien informazioa topatzea, baina iturri oso onak aurkitu ditut Eibarren. Los Walters, Los Doblones eta Los sonidos del silencio taldeetako kideen bidez iritsi nintzen Eibarren hainbat taberna eduki dituen gizonezko batengana, eta haren bitartez Durangon bizi den beste eibartar batekin jarri nintzen harremanetan. Azken hau ikerlaria da eta informazio pila bat eman zidan, taldekideen kontaktu guztiekin. Nik denei deitu diet, eta batzuk pozik hartu dute gonbidapena, baina beste batzuk ez didate ziurtatu etorriko direnik. Talde haietako taldekide asko dagoeneko ez dira bizi, eta senideentzat ulertzen dut emozio gehiegi izan daitekeela, baina era berean, polita.