Mintzola egitasmoaren bitartez emandako sarietako bat Ainhoa Leyaristi Oñederraren master amaierako lanari eman dio Euskaltzaindiak, 'Hizkuntza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz: kasu-marka eta aditz komunztadura izenburukoa'. Leyaristik iraila-urrian egitekoa du master amaierako lanaren defentsa, baina irailaren 29rako aurkeztu behar du proiektua Euskaltzaindian.
Leyaristi ez da, ordea, sari hau eskuratu duen elgoibartar bakarra. Iaz, Ane Iriondo Arizmendiren gradu amaierako lana saritu zuen Euskaltzaindiak, Odei Guirado Irasuegiren 'Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana' lanarekin batera. Elgoibarko 16-30 urte bitarteko gazteen hizkuntza mudantzak aztertu zituen Ane Iriondok, eta ekainaren 15ean aurkeztu zuen proiektua Euskaltzaindian.