Jose Ignacio Elkoro-Iribe alkate zela inauguratu zuten Mintxeta kirol gunea, eta hori dela eta Mintxetara bisita egin zuen Elkoroiribe berak, gaur egungo alkate Maialen Gurrutxagarekin, Ricardo Astigarraga Kirol zinegotziarekin eta Ramon Mugica Udal Kirol Patronatuko zuzendariarekin batera. Elgoibarko kirol eta komunitate bizitzan "funtsezko zutabea" izan dela Mintxeta adierazi dute Udaletik, prentsa ohar bidez.
Kirol gunea eraikitzeko arrazoiak eta garai hartako testuingurua ere gogora ekarri dituzte. Lerungo futbol zelaiarentzako kokaleku berri bat bilatzen hasi ziren 90eko hamarkadaren hasieran, futbol zelaia lurzoru industrialean zegoela-eta. Jose Ignacio Elkoro-Iribe orduko alkatearen gidaritzapean, Elgoibarko Udalak Karakateko magala aukeratu zuen Mintxeta kirol gunea eraikitzeko. Futbol zelaiaz gainera, "komunitatearen hainbat kirol-premia asetzeko" diseinatu zuten.
Futbol-zelaian belar artifiziala jartzearena funtsezko erabakia, mugarria, izan zela nabarmendu dute, Elgoibar Kirol Elkartearen hazkundea erraztu edo lagundu zuelako, besteak beste. Kategoria guztietan talde kopurua nabarmen handitzeko aukera ahalbideratu zuen belar artifizialeko berdeguneak. Gainera, atletismo zaleen eskaera betez, futbol zelaiaren inguruan eraiki zuten atletismorako pistak Mintxeta Atletismo Taldearen sorrera ekarri zuen. Era berean, Juan Mugertza Nazioarteko krosa Lerunetik Mintxetara lekualdatu zuten eta harrezgero hazi eta krosen gorenera heldu dela azpimarratu dute.
• Dibertsifikazioa eta hazkundea
4.000 lagunentzako lekua dagoen harmailen azpian eraiki zuten muskulazio-aretoak hainbat herritar kirola egitera erakarri zituela ere aipatzen dute, "inongo klubetara lotuta egon beharrik gabe kirola egiten hasi" baitziren hainbat herritar. Denborarekin, Mintxetak hedatzen jarraitu zuen, igerileku estaligabeak, aldagelak, padel eta tenis pistak, spinning gela, ur-parkea eta beste hainbat instalazio gehituz.
• Komunitatearentzako topaleku bat
Urteen joanarekin, Mintxeta elgoibartar guztientzako "ezinbesteko gune" bihurtu dela diote oharrean, adin guztietako pertsonentzako topaleku. "Mintxeta Kirol Gunea funtsezko zutabea izan da kirola, osasuna eta kohesio komunitarioa sustatzeko urteetan zehar. Eta datuak ere eman dituzte: 400.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute Mintxetako Kirol Gunea urtero.
1993ko inaugurazioan udal eta foru agintariak izan ziren, klubetako ordezkariez gain, eta Udal Musika Bandak, Haritz dantza taldeak eta Udal Txistulari Bandak hartu zuten parte. Realeko eta Bilboko Atheticeko gazte taldeek elkarren aurka jokatu zuten partidarekin inauguratu zuten futbol zelaia, eta sasoi hartan Realarekin jokatzen zuen Joseba Etxeberria elgoibartarrak sartu zuen Mintxetako estreinako gol ofiziala. Bina berdindu zuten Realak eta Athleticek eta Realaren bigarren gola ere beste elgoibartar batek sartu zuen, Mikel Elkoro_iribekPartida horren ostean Haundik S.D. Eibarren aurka jokatu zuen. Atletismoak ere izan zuen lekua inaugurazio ekitaldi hartan, Ego-toki klubaren parte-hartzearekin. (ikus 1993an BARRENen argitaratu zena)