Ipar Irrintzi iraupen-eski taldeko kidea da Andde Elizburu, 13 urteko elgoibartarra, eta 14 urtez azpikoen mailan lehiatu zen Espainiako Rollerski Txapelketan; 2010ean eta 2011n jaiotakoekin, alegia.
Lehen jardunaldian, irailaren 9an, sprint modalitatean lehiatu ziren Candanchu eski estazioan. Iaz inauguratu zuten Stadium Spainsnow izeneko zirkuituan jokatu zituzten esprint erako lasterketak, iraupen-eskirako zirkuitua zena asfaltatu baitute rollerski txapelketak jokatzeko, eta honakoa izan da hartu duen estreinako lehia. Parte hartzaileek, 900 metroko lasterketa osatu zuten U-14 kategorian, teknika librean, eta Lorien Barrio aragoiarra izan zen azkarrena, eta Andde Elizburuk eskuratu zuen bigarren postua. Nagusien mailan Irati Cuadrado nafarra eta Jaume Pueyo kataluniarra gailendu ziren.
Domekan, berriz, Ciudad de Jaca trofeoaren bosgarren edizioa jokatu zuten Jakan, Pirinioetako eta elurretako hiriburuan. Nagusiek 5,2 kilometroko ibilbidea osatu zuten Jakako kaleetatik hasi eta Rapitan mendatera bitartean. Gaztetxoak 2,6 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren, eta esprint modalitatean gertatu zen moduan, Lorien Barrio izan zen azkarrena eta Andde Elizburu sailkatu zen bigarren postuan.
Elizburuk bi urte daramatza eski txapelketetan parte hartzen. Elurra iritsi bitartean eta negura sasoi betean iristeko, Euskal Herriko Rollerski ligako probetan parte hartzeko asmoa duela aurreratu du. Gainera, iraupen-eskiatzaileek udan entrenamenduak egiteko sortu zen arren, bere izaera propioa duen kirola da egun rollerskia.