Hantxe bizi izan zen Demetro Vallejo abertzale eta sozialista, eta bere etxeko balkoitik "Gora Euskadi askatuta!" oihu egin zien soldaduei, Elgoibar hartu zuten egunean bere etxepetik igaro zirenean. Demetrioren alaba Mirenek begiak bizi-bizi zituela kontatu ohi zuen gertakari hura bizi zen artean: “Etxean ezkutatu ginen beldurrez, baina balkoira irten ginen ikustera. Han zihoazen plazarantz, besoa altxata eta kantuan. Azkeneko patruila Errosario kaleko Ama Birjinaren pare aldera iritsi zenean, gure aitak ‘Gora Euskadi askatuta’ oihu egin zuen balkoitik. Zoratu egin zen. Hurrengo egunetan lorik ere ez genuen egin beldurrez, gure etxe parean, bi ate gorago, karlista batzuk bizi zirelako”. Tropak sartzerako, Vallejotarrak Santanderrera ihes egitekotan egon ziren, baina etxean bizi zuten amama gaixotu eta bertan behera laga zuten plana. EAE-ANVko kidea zen Demetrio Vallejo, eta bertsio ofizialaren kontra, Gernika Francoren aldekoek bonbardatu zutela esateagatik ere jarri zuen arriskuan bere burua.
Baina gehiagogatik ere bada ezaguna Demetrio Vallejo Elgoibarren. Elgoibar 1936 taldekoek gogorarazi dute 1915ean Elgoibarko Football Club taldea sortu zuten lagun taldekoa izan zela. Ricardo Astigarragak, Ricardo Unzuetak, Juan Belokik eta Demetrio Vallejo sortu zuten kluba, eta gerora, 1940an, Club Deportivo Elgoibar izena jarri behar izan zioten, Francoren ministro Ramon Serrano Suñerrek legez hala behartuta.
Omenaldi ekitaldia 12:00etan hasiko da.