Euskofederpen federazioaren aterkipean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 230 gizarte etxetako kideak Durangoko Landako Gunean batuko dira, urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Eguna elkarrekin ospatzeko eta aldarrikatzeko. Eta, data seinalatu hori aprobetxatuta, bertan egingo dute hiru lurraldeetako kideen estreinako topaketa. Ekitaldi kulturalak izango ditu ardatz lehen topaketa honek (ikus egitaraua hemen).
IƱigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak zabalduko du topaketa, 11:10ean, eta Elgoibartik joaten direnek 13:30ean amaituko dute ekitaldia, mokadu batekin. Tartean, Felix Elkoroiribe EuskoFederpeneko presidentearen hitzaldia, hiru lurraldeetako ordezkarien aurkezpena, Izar Gaztea abesbatzaren kantaldia eta Toti Martinez de Lezea idazlearen solasaldia izango direla aurreratu dute.
Ekitaldira joan nahi duten bazkideek hilaren 21a arteko epea izango dute izena emateko, 11:00etatik 12:00etarako ordutegian. Jubilatuen biltokiko bazkide ez direnek, berriz, 943 464 662 telefono zenbakira deitu behar dute edota info@euskofederpen.com helbidera idatzi.