Jatorri atzerritarreko elgoibartarrentzako euskara ikastaroa, abian

Barren.eus 2023ko ira. 14a, 07:18

Elgoibarko Udalak martxan duen Auzoko egitasmoaren barruan, euskara ikasteko eta euskal kulturarekin harremanetan jartzeko aukera emango die aurten ere Elgoibarko Udal Euskaltegiak jatorri askotariko lagunei.

Hala, iazko bide beretik, AISA I euskara ikastaro berezia eskainiko die jatorri atzerritarreko herritarrei. 60 orduko ikastaroa izango da, eta ikastarorako berariaz prestatutako materiala erabiliko dute eskoletan.

Eskolak Elgoibarko Udal Euskaltegian bertan emango dituzte (Aita Agirre, 3), urritik otsailera bitartean. Eskola egunak eta ordutegiak taldekideen arabera zehaztuko dituzte, eta izena emateko epea irailaren 25era artekoa da. Izena emateko, hori bai, 16 urte beteta izan beharko dira eta 25 euro ordaindu beharko dituzte. Informazio gehiagorako: udaleuskaltegia.elgoibar@debabe.eus posta elektronikora idatzi daiteke edota 943 742 731 telefono zenbakira deitu.