Hilaren 18an ekingo diete berriro mobilizazioei Elgoibarko pentsiodunek

Barren.eus 2023ko irailaren 14a

Astelehenean, hilaren 18an, hasiko dituzte berriro asteroko mobilizazioak Elgoibarko pentsiodunek.

Kalegoen plazan egingo dituzte elkarretaratzeak, hileko lehen eta hirugarren astelehenetan, 12:00etan. Erosketa saskiaren garestitzeak herritarren bizi-baldintzak nabarmen okertu dituela salatuko dute eta bankuen, energia-enpresen eta elikagaien banaketa-kate handien irabaziak pandemiaren aurretik sekula ikusi ez diren mailara iritsita daudela.

Era berean, alderdi politikoei ere dei egingo diete, hauteskundeen aurretik eskatu zizkieten eskaera berberak aintzat hartzeko eskatzeko: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, pentsio guztiei benetako KPIa igotzea eta pentsioen genero-arrakala amaitzeko neurri eraginkorrak hartzea.