Agustin Mugertza: “Txispa apur bat behar du zezenak sokamuturrean ondo ibiltzeko ”

Barren.eus 2023ko ira. 15a, 08:09

1984an hasi zen Arno ganadutegia Elgoibarko sokamuturrera zezenak ekartzen, eta 39 urtean jardun du zeregin horretan. Irunaso baserriko Agustin Mugertza izan da Arno ganadutegiko arduraduna, eta aurtengo Txiki Egunean erretiroa hartu du.

Urte horietan zehar egindako lana eskertzeko, Elgoibarko Udalak omenaldia egin zion Txiki Egunean bertan. Ezustean harrapatu zuten Mugertza, eta Maialen Gurrutxaga alkateak oroigarri bat eman zion sokamuturra hasi aurretxoan, Maalan bilduta zeuden ikusleen txalo artean. Sokamuturreko soka, baina, ez da eten, eta Elgoibarko beste ganadutegi batek hartuko du erreleboa: Ruso zezenak. Jabier Mugertza 'Ruso' jubilatuen egunean estreinatu zen Elgoibarko sokamuturrean. Euria goian behean zela ibili ziren bere zezenak kaleetan gora eta behera, baina gustura geratu zen egindako lanarekin.

 • Erretiroa hartzea erabaki duzu, 39 urteren ostean.
Urteek ez dute barkatzen eta sasoia iristean, onena erretiratzea izaten da. 39 urte etorri naiz segidan, baina esango nuke Elgoibarko zezenetan ez dudala hutsik egin 1970az geroztik. Sokan laguntzen ibili nintzen urte askoan, eta 71n Altzolako jaietan atera genituen gure zezenak. Altzolako zinegotzi batek esan zidan Elgoibarrera ere joan beharko genukeela, baina orduan ganadu-buru gutxi geneukan oraindik. Nik 20 bat urte besterik ez neuzkan eta nire bazkidea soldadutza egiten ari zen, baina burua berotu zigun eta joan ginen Elgoibarrera goiz baten. Ondo joan zen, baina oraindik Sakak eta beste batzuk jarraitu zuten. Gu 84an hasi ginen, eta 39 urte egin ditugu jarraian. Baina Elgoibarren zezenak tradizio handia dauka. Ni gaztea nintzenean 08:00etatik 09:30era egiten zen sokamuturra, eta hiru zezen ateratzen zituzten. Gauean ere egoten ziren zezen enbolatuak, baina 91n lege berri bat atera zuten eta gaueko zezen ikuskizunak kendu egin zituzten, eta arratsaldetan egiten hasi ziren. Jende asko mugitu izan du beti zezenak Elgoibarren.

 • Nola aldatu da sokamuturra 39 urte hauetan?
Asko aldatu da. Lehen, Maalan ateratzen genuenean zezena, autoak egoten ziren sokamuturraren ibilbidean aparkatuta, eta ahal genuena egiten genuen. Segurtasun hesiak ere askoz gutxiago zeuden: Maalako zubia, Azkaraterako errepidea... dena libre egoten zen eta lan handia egin behar izaten genuen sokarekin, zezenak ihes ez egiteko. Kaleetan ere ez zegoen gaur egungo hesirik, eta plaza aldean ateratzen genuenean zezena, ziztu bizian joaten zen zuzen, kalean behera. Kale erdian egoten ziren pare bat soka-mutil sendo zezen hura geratzeko, baina hala ere, izaten genituen sustoak. Noizbait zezenak ihes egin izan zigun. Gaur egun horrelakoak ez dira gertatzen. Segurtasun neurriak asko indartu dira 91n legea aldatu zutenetik, eta zorrotz zaindu behar da dena, bestela aseguruak ere ez du babesten. Garai bateko sokamuturrak ez dauka gaur egungoarekin zerikusirik. 16 urtez azpikoak ere ezin dira ibili, eta ertzainak ibiltzen dira hori zaintzen. Edanda datozenei ere ez diete lagatzen sartzen... lehen libre izaten zen dena eta kolpe handiagoak izaten ziren. Sokamuturraren eremua mugatu egin da urteetan, baina hala ere, Elgoibar herri aproposa da sokamuturra egiteko. Jende askok hartzen du parte, eta aurten ere ikuskizun ona egon da. Hesi bertikalei esker jende gehiago animatzen da sokamuturraren eremuan sartzen, hesi horiek lasaitasuna ematen dutelako.

2023 09 15 agustin mugertza sokamuturran 2010mm BARREN

 • Legea zorroztu dute animalien eskubideak babesteko, eta zezen txikien entzierrorik ez da izan aurten.
Administrazioak hartu duen erabakia izan da, eta nire ustez, erabaki okerra. Umeentzako zezen txikiak ateratzen genituen Umeen Egunean eta sekulako giroa sortzen zen. Umeak zezenarekin harremanetan jartzeko ekintza izaten zen. Bestela, sekula zezenekin ibili ez dena 16 urterekin nekez hasiko da sokamuturrean. Afizio handia daukana hasiko da, baina bestela inportantea da umetatik ezagutzea zezenak. Eta zezenak probatzeko ere ondo egoten zen umeen entzierroa. Zezenak ere ikasi egin behar du kalean ibiltzen, eta txikitatik erakusten bazaio, gerora hobeto moldatuko da. Batzuk esan dute berreskuratuko dela, baina nik uste dut behin kenduta, zaila izango dela berriz martxan jartzea. Animalien kontrako indarkeria erabili dute aitzaki. Zezenak txikiak dira, estreinakoz irteten dira kalera, jausi egiten dira eta hori tratu txarra ematea dela esan dute.

 • Eta, zuri zer iruditzen zaizu?
Nola izango da ba tratu txarra ematea? Pertsonak ere lan berri batean sartzen direnean tentsioan egoten dira, nagusiak bronka botatzen du... ikasteko hori guztia pasatu behar izaten du, ba zezenak berdin. Ordu-erdiko lana izaten dute gehienez, baina ondo zainduta bizi dira. Kamioian ibiltzen ere txikitatik erakusten bazaie, gero trankil-trankil joaten dira, eta badakite ordu erdiko lanaren ostean berriz ere kamioian sartu eta etxera doazela. Niri ez zait tratu txarra ematea iruditzen.

 • Sokamuturra ere arriskuan egon daiteke?
Elgoibarren sokamuturrak tradizio handia daukalako dago oraindik indarrean, bestela honezkero kenduta izango zuketen. 91ko lege horrekin errazena izango litzateke sokamuturra kentzea, baina tradizioak ere pisu handia dauka eta horregatik eutsi diote. Alderantziz, berriz, sokamuturra inoiz izan ez duten herri batzuetan saiatu dira sokamuturra antolatzen, baina legeak jartzen dituen trabak ikusita, atzera egin dute. Elgoibarren antzeko herriak dira Mutriku eta Azpeiti, esaterako. Aretxabaletan, Bergaran eta Soraluzen ere egiten da, eta Arrasaten zezen-plaza jartzen dute. Oraindik leku askotan egiten da. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina antzerakoak dira. Soraluzen garai baten goizeko 05:00etan egiten zen! Sokamuturrak jende asko mugitzen du, eta jendea herriz herri ibiltzen da.

 • Nola prestatzen dira sokamuturrerako zezenak?
Zezenak ez daukate idi-probetarako idien moduko prestaketa berezirik, baina zaindu egin behar izaten dira. Sokamuturrean atera ahal izateko lau bat urte izan behar ditu zezenak, eta etxean hazten ditugu. Gero, adibidez, ikusten baduzu batek ez duela balio, kendu egin behar duzu eta beste bat ekarri. Aldiz, ona dena, gorde egiten dugu, gero umeak ateratzeko. Prozesua luzea da. Sokamuturrean ondo funtzionatzen duen zezenak 10-12 bat urte egin ditzake lanean.

 

2023ko sokamuturren laburpen-bideoa

2023 09 15 sokamuturra elgoibar agustin mugerza jabi mugerza BARREN b1