Ikusgai dago mundu zabalean euskara eta euskal edukiak lau haizetara zabaldu nahi dituen doako plataforma berria: Primeran. Www.primeran.eus webgunean erabili ahal da, eta plataformaren aplikazioa deskargatu daiteke telefonoetan eta SmartTVetan, Google Play-n, edota laster batean Apple App storean ere, aplikazioa jaitsita, bai eta Chromecast bitartez eta Hbbtv-etan ere. Edukiak ikusteko, hori bai, erregistratu egin behar da.
Euskal edukiak bermatu, hedatu eta denentzat eskuragarri jartzeko bokazioz sortu dute Primeran eta dagoeneko 3.000 atal edo film baino gehiago ikus daitezke bertan. Horietako gehienak euskaraz ikusi daitezke, euskarazko audioarekin edo euskarazko azpidatziekin. Euskadiko Filmategia dago laguntzaile nagusien artean, eta Zinemaldian azken urteetan saritutako hainbat filmekin eta TOKIKOM tokiko komunikabideen elkartearen edukiekin abiatuko du ibilbidea plataformak; edonola ere, euskal eduki, kultura eta ekoizleei irekitako proiektua da eta, beraz, datozen hilabeteetan musika, antzerki edota beste kultur adierazpen eta jaialdi askotako edukiak ere izango dira katalogoan. Etorkizunean zuzenekoak ematea ere aurreikusten dute.