“Zergatik bilatu behar ditugu frogak esateko historiaurrean emakumeek ehizan egiten zutela?”

Barren.eus 2023ko ira. 16a, 15:13

Historiaurreko irakaslea da Naroa Garcia Ibaibarriaga (Ondarroa, 1988) Euskal Herriko Unibertsitatean. Ornodun txikiak ikertzen ditu, historiaurreko ingurunea berreraiki eta orduko gizakia nola bizi izan zen jakitzeko.

Azkeneko bost bat urtean, Paleolito garaiko aztarnategi bateko indusketalanak zuzentzen dihardu Oñatin, Araotzeko 'Jaturabe IX' koban. Era berean, Generoaren Arkeologiari buruzko lan ildo baten koordinatzailea ere bada Historiaurreko Ikerketa Taldean (GIZAPRE), eta barikuan (irailak 15), 'Emakumea historiaurrean' izenburuko hitzaldia eman zuen Mendaron, EHUko eta Morkaiko Leizarpe espeleologia taldekoek Mendaroko Udalaren laguntzarekin antolatu duten arkeologia zikloaren barruan.

Has gaitezen oinarrizkoenetik. Genero arkeologia eta arkeologia feminista gauza bera al dira?
Zuzenean oinarrietara jotzen badugu badituzte desberdintasunak, baina emakumearen parte-hartzearekiko eta ikusgarritasunaren aitorpenarekiko kezka partekatzen dute biek. Zaila da definizio zehatzak ematea. Gaur egun, baina, genero arkeologiaz hitz egiten da terminologia feministak kutsu politiko bat duelako; "feminista" etiketa erabiltzea saihesten dute askok, "feminista" hitzari eman zaion konnotazio politikoengatik. Genero arkeologiaz esango dugu androzentrismoaren aurkako kritika egitea, emakumeei historian dagokien protagonismoa ematen dieten ikerketak garatzea eta emakumeak subjektu indibidual zein kolektibo gisa aztertzea bilatzen duela besteak beste, eta 80ko hamarkada bueltan hasi zirela generoaz
kezkatzen gure dizipina honetan.

Zer esan nahi duzu, feminista etiketak oraindik ere halako errezelo bat sortzen duelako erabiltzen dela genero arkeologia gaur egun, arkeologia
feministaren kaltetan?
Bai, zoritxarrez bai. Oinarrian bi terminoek badituzte ezaugarri bereizgarri batzuk, baina gaur egun nahikoa bateratura daude. Hala ere, genero arkeologia erabiltzen da gero eta gehiago.

'Emakumea historiaurrean' izenburua du zure gaurko hitzaldiak. Gizonezkoak munduaren erdigune diren uste hori noizkoa da?
Emakumeak historiatik ezkutatuak izan gara, baita historiaurrean ere. Historiaurreko eta garaian garaiko gizartea ikertzerakoan ikertzaileek euren aurreiritzi propioak esportatu dituzte eta horrek agerian jartzen du ezagutza zientifikoa ez dela uste bezain objektiboa. Modu berean, gaur egun generoen artean daukagun desoreka hori justifikatzeko ere erabiltzen da historiaurreaz eraiki dugun irudia. Zorionez, baina, Generoaren Arkeologia diziplina asko zabaldu da eta ekarpen handiak egin ditu mundu akademikoan, emakumezkoak subjektu gisa ikertuta. Iruditegi kolektiboan, ordea, ezkutuan jarraitzen du emakumeak oraindik ere. Hala, Interneteko bilatzaileren baten historiaurreaz bilaketaren bat egiten badugu, agertuko zaigun lehenengo irudia ehiza momentu batekoa izango da ziurrenik, eta jakina, ehiztaria gizona izango da. Gizona agertuko zaigu subjektu aktibo bezala, funtsezko jardueretako protagonista gisa, eta emakumeari, berriz, baliorik eman ez zaien jarduerak egotziko zaizkio. Hori da irakatsi digutena eta ikusi duguna, hori da oraindik ere museoetan ikusten duguna edo Harriketarrak moduko marrazki bizidunek erakusten digutena, baina ez da horrela. Iruditegi hori, batez ere, XIX. mendearen bigarren zatian hasten da sortzen. Esaten da garai horretan hasi zela arkeologia zientifikoa egiten, baina arkeologia egiten zutenak garaiko elite sozial eta ekonomikoko gizonak ziren, eta haiei emakumeek ez zieten ardura, garaiko gizarte hartan emakume gehienen papera "hutsa" zelako. Egin kontu boto eskubiderik ere ez zutela emakumeek! Laburbilduz, beren garaiko gizarte horren irudira ikusten zuten iragana ere arkeologoek.

Eta historiaurreaz ari garela, zer mito eraitsi beharko genituzke?
Oraindik historiaurreaz dugun irudia oso androzentrikoa da. Hasteko, historiaurreaz ari garenean, ez dugu justifikatu beharrik izaten gizonek egiten zutena, baina aldiz, historiaurreko emakumeez ari garenean, oraindik ere, zientifikoki justifikatu beharra izaten dugu ehizan aritzen zirela adibidez. Zergatik bilatu behar ditugu froga zientifikoak esateko emakumeek labarretako artea egiten zutela edo ehiztari emakumezkoak ere bazirela, gizonen kasuan besterik gabe ematen denean ziurtzat hori dena? Ez dago froga zientifikorik frogatzeko emakumeek horiek denak egiten ez zutela. Hori da gertatzen zaiguna eta hor dugu arazoa.
Dena den, eta hori gainditutzat emanda, esan behar dugu badauzkagula frogak erakusten digutenak emakumeek ehizatzen zutela, labarretako artea egiten zutela eta abar. Topatu dira emakumeen gorpuak animaliekin izandako borroketan egindako haustura edo zauri garbiak dituztenak. Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) eta Collasuyo Ikerketa Arkeologikoen Institutuko (Peru) ikertzaile talde batek historiaurreko bi ehiztariren gorpuak aurkitu zituzten Holozenoko aztarnategi goiztiar batean, Peruko goiko lurretan. Hezur-egituraren eta hortz-peptidoen analisien arabera, 17 eta 19 urte bitarteko emakume ehiztari bat eta 25 eta 30 urte bitarteko gizon ehiztari bat ziren. Datazioaren arabera, emakumearen hezurrek 9.000 urte zituzten. Peruko Wilamaya Patjxa aztarnategian lurperatuta zegoen, ehiza larrian erabiltzen zituzten erreminta sorta batekin. Animalia handiak ehizatzeko tresnekin lotutako hainbat aztarnategitako 27 gizabanakoren azterketaren arabera, zientzialariek ondorioztatu zuten ehiztari horien % 30 eta % 50 artean emakumeak izan zitezkeela Pleistozeno berantiarrean eta Holozeno goiztiarrean, Amerikan. Emakume ehiztari horren kasua salbuespena ote zen jakitzeko, ikertzaileek Pleistozeno berantiarreko eta Holozeno goiztiarreko 429 pertsona aztertu zituzten, 107 aztarnategitan lurperatuak. Animali handien ehizarako tresnekin 16 gizon eta 11 emakume aurkitu zituzten zientzialariek.

 

2023 09 15 Naroa Garcia elk barren 1