Lilaren bigarren urtemuga ospatuko dute irailaren 21ean

Barren.eus 2023ko ira. 17a, 09:46

Irailaren 21ean ospatuko dute Lilaren II. urterreneko jaia, Lilan. Ekitaldian, Lila Saria ere banatuko dute eta Esti Curielen '35 huts' antzezlanaz gozatzeko aukera ere izango da.

Lilako Mahaiak eta Elgoibarko Udalak ‘Lila Saria’ sortu zuten iaz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko politika publikoen baitan. Irailaren 21ean emango da bigarrena, Elgoibarko Emakumeen Etxea inauguratu zutenetik bigarren urteurrenean.

Sustatzaileek azaldu dutenez, Lila Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea Elgoibarko bizitza sozial, hezitzaile, politiko, ekonomiko, kirol eta kulturaleko edozein arlotan emakumeen eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen lagundu duten edota nabarmendu duten pertsonek zein erakundeek egindako lana". Lehenengo Lila Saria Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeari eman zioten iaz. Lilako Mahaiko hiru kidek, Berdintasun Saileko teknikariak, Berdintasun Arloko arduradunak
eta Elgoibarko alkateak osatuko duen epaimahaiak aukeratuko du aurkeztutako hautagaien artean nori eman bigarren Lila Saria. Irabazleak, garaikurra eta 500 euroko saria jasoko ditu.

Lilaren bigarren urteurreneko jaia 18:00etan hasiko da eta sari banaketaren ostean, Esti Curiel aktore zumaiarraren ’35 huts’ antzezlana ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek. Curielek bi emakume gorpuzten ditu antzezlanean: 35 urteko gazte bat, Asun, eta haren amona Salvadora. Ekitaldira joan nahi duenak ez du izenik eman beharko, baina antolatzaileek aurreratu dute plaza mugatuak izango direla. Jan-edana ere egongo dela zehaztu dute.

Era berean, ekitaldia probestuz, Lilak urte bukaera arte edukiko duen jarduera programa aurkeztu dute.